Efemeridea 2022ko otsailaren 3a

Jose Antonio Agirrek Berlindik idatzi zuen gutuna

Gaurkoa lako egun batean, 1941ko otsailaren 3an, Lehendakariak laguntza eskatu zien New Yorken zituen lagunei nazien meneko Alemaniatik ihes egin eta Estatu Batuetara joateko.

Jose Antonio Agirrek Berlindik idatzi zuen gutuna

Aleman naziek okupatutako Europatik barrena ihesean zebilela, ez zen Agirre lehendakariaren berririk izan 1940ko maiatzetik, hau da, alemanen inbasioa zela eta, Belgikan harrapatuta geratu zenetik. Era guztietako zurrumurruak zabaldu ziren Lehendakariaren zoriari buruz. Batzuen ustez, Berlingo enbaxada amerikarren batean ezkutatuta zegoen, beste batzuen ustez, Rhin ibaiaren aldeko gazteluren batean preso zegoen, eta ezkorrenek hiltzat jotzen zuten…


Nolanahi ere, Lehendakaria Berlinen zegoen, berandutzen ari zen bisa baten zain, Grezia, Suitza eta SESB zeharkatuz ihes egiteko. 1941eko otsailaren 3ko gauean, Agirre babesten zuten Hegoamerikako lagun diplomatiko batzuekin batzartu ondoren, ostatura iristean, luma eta orri batzuk hartu eta idazten hasi zen.


Manuel Intxausti lagunari bidali nahi zion gutuna, baina haren helbidea zalantzan zeukanez, Eusko Jaurlaritzaren New Yorkeko ordezkari Manu de la Sotaren helbidea ere idatzi zuen gutun-azalean. Gutuna Berlindik irten eta New Yorkera iritsi zen Roberto de Despradel enbaxadore dominikarraren maleta diplomatikoan.


Eskutitzaren 16 orrialdeetan, ezkutatzeko xedez, Panamako doktore gisa (José Andrés Álvarez Lastra) hartutako izaera berriaren berri eman zion Agirrek Intxaustiri. Horrez gain, nazien esku zegoen Belgikatik ihes egiteko odisea azaldu zion eta jarraibide zehatzak eman zizkion Alemaniatik irten eta Estatu Batuetaraino iristen laguntzeko.


Zorionez, gorabehera askoren ondotik, Agirre-Zabala familiak beharrezko bisak lortu zituen maiatzaren amaieran eta Alemania atzean utzi zuen. Eta Suediatik igarota, New Yorkera heldu ziren 1941eko azaroan.

 

Argazklia: Agirrek Intxaustiri idatziriko eskutitza gaur egun Euskadiko Artxibo Historikoan gordetzen da.