Efemeridea 2021ko uztailaren 9a

Jose Antonio Loidi Bizkarrondo, euskal kultura zale amorratua

Gaurkoa lako egun batean, 1999ko uztailaren 9an, Jose Antonio Loidi Bizkarrondo euskal farmazialari eta idazlea hil zen Irunen.

Jose Antonio Loidi Bizkarrondo, euskal kultura zale amorratua

Errenterian jaio zen, 1916an, eta Farmazia ikasi zuen. 1955ean, “Hamabost egun Urgainen” liburua argitaratu zuen, hots,  euskaraz argitaratutako lehen polizia-eleberria. Lana hamar bat aldiz berrargitaratu da eta katalanera ere itzuli dute.


Euskara oso garrantzitsua izan zen Jose Antonio Loidiren zaletasun-irriketan. Izan ere, ohorezko euskaltzaina eta epaimahaikidea izan zen Akademiak antolatutako hainbat literatura lehiaketatan. Halaber, Irungo ikastola sortzen ere parte hartu zuen, eta Gerra Zibilaren osteko lehen euskal jaialdia antolatu zuen Irunen, 1966an.


Loidik komunikabide askorekin kolaboratu zuen, eta ipuin eta artikulu ugari argitaratu zituen haietan. Irun Hiria saria jaso zuen “Irun bere aurrerabidean” lanari esker (1970), Luis de Uranzu kultura taldearen bazkide sortzaileetakoa eta lehendakaria izan zen eta “Euskal Jaiak-Fiestas Euskaras” (Irungo Udalak argitaratua) liburuaren egilea.


Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialaren lanetan ere lagundu zuen, eta Gipuzkoako Farmazialarien Kooperatibaren sortzaileetako bat izan zen. Arlo honetan, ikerketa farmazeutiko eta hidrologiko ugari egin zituen eta Farmaziari buruzko hitzaldi eta mintegi ugaritan parte hartu zuen.