Efemeridea 2021ko martxoaren 18a

Jose Ariztimuño “Aitzol”: Euskal apaiz emankorra

Gaurkoa lako egun batean, 1896ko martxoaren 18an, Jose Ariztimuño Olaso −Aitzol ezizenez ezagunagoa− apaiz abertzalea jaio zen Tolosan.

Jose Ariztimuño “Aitzol”: Euskal apaiz emankorra

Gaurkoa lako egun batean, 1896ko martxoaren 18an, Jose Ariztimuño Olaso −Aitzol ezizenez ezagunagoa− apaiz abertzalea jaio zen Tolosan.

 

Gasteizko eta Comillasko apaiztegietan ikasi zuen, eta 1922an abade ordenatu zuten Gasteizen. Misio-lanetan aritu zen Elizbarrutiko Misio Idazkaritzan. 1929an, Bartzelonako Misio Erakusketaren Batzorde Antolatzaileko kide izendatu zuten, eta handik urtebetera Donostiara joan zen. Gipuzkoako hiriburuan, jarduera pastoralaz gain, ahozko eta idatzizko prediku asko eman eta egin zituen.

 

Era berean, Errepublikaren urteetan, ideia abertzaleak zabaltzen eta euskara bultzatzen jardun zuen. Arlo horretan, azpimarratzekoa da Euskaltzaleak elkarteko zuzendaria izan zela eta Yakintza egunkarian lan egin zuela. ELA-STV sindikatuan, gizarte-zabaltzaile nabarmena izan zen eta euskal abertzaletasunaren gertuko El Día egunkariaren edizioan parte hartu zuen.

 

Gerra Zibila hasi zenean, Aitzol Hendaian izan zen eta handik Belokeko beneditarren monasteriora joan zen. Han, Lapurdin, prentsan jarraitu zuen lanean eta Iparraldetik zihoazen iheslariei laguntzen. Baina beneditarrei arazorik sortu nahi ez zienez, 1936ko urriaren 15ean Bilbora zetorren Galerna itsasontzian ontziratu zen. Ontzia frankisten eskuetan erori zen eta Ariztimuño beste bidaiari batzuekin batera atxilotu zuten. Aitzol Donostiako Ondarretako espetxera eraman zuten handik.

 

Urriaren 17an, apaiza eta beste preso batzuk Hernaniko hilerrira eraman zituzten, eta bertan fusilatu zituzten soldadu frankistek. Horrela, euskal aberriaren defentsan aritu ondoren, apaiz tolosarra hil zuten 40 urte besterik ez zituela.

 

2011ko urriaren 15ean, DEIA egunkariaren Historias de los Vascos sailean argitaratutako Mikel Aizpuru Muruaren erreportajea erantsi diogu artikuluari.