Efemeridea • 2020ko maiatzaren 26a
Jose Ignacio Arana (1838-1896)
Euskal olerkaria, hizkuntzalaria, historialaria eta bibliografista.
Gaurkoa lako egun batean, 1838ko maiatzaren 26an, Jose Ignacio Arana euskal idazle eta josulaguna sortu zen Azkoitian (Gipuzkoa). Lehen ikasketak bere jaioterriko eskolan egin zituen, Amezketan eta Ezkion, eta bigarren mailakoak Arantzazun (Oñati) eta Iruñean.
Hamasei urte zituela, Jesusen Lagundian sartu zen. Euskal-Erria aldizkarian lan egin zuen. Era berean, Jesusen Lagundiarekin eta Loiolako San Ignaziorekin lotutako hainbat lan argitaratu zituen. Haietako batean, San Ignacio Loyolacoaren bicitza daburtua (euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu zuen) euskararen eta euskal literaturaren hausnarketa laburra egin zuen eta ortografiari buruzko proiektu bat ere landu zuen (1872).
1871 eta 1873 urteen artean, Teologia ikasi zuen modu pribatuan josulagunen Urduñako ikastetxean eta Poyanne herrikoan (Akitania). Azken horretan, abade ordenatu zen 1874an.
1876an, 43 urte zituela, Luis eta Sabino Arana Goiri eman zien eskola –ez zen, baina, haien senidea− Urduñako ikastetxean.
Aita Henaoren Averiguaciones de Cantabria lana bukatu zuen eta zenbait erlijio-lan ere argitaratu zituen, besteak beste, Jesus-en-biotz-sagraduco billera santu edo congregacioaren gañeco gauza cerbaitzuet dacaizquien liburuchoa (Tolosa, 1878).
Ama Virgiña guciz garbi Concepcioaren oficio laburra euskaratu zuen latinetik (Erroma, 1872). Eta euskaratik gaztelaniara itzuli zuen Agustin Kardaberazen Loyola-co Aita San Inazio-ren beratziurrena, eta santuari nahiz jaiotetxeari buruzko berri labur ere idatzi zuen.
Gainera, Luis Luciano Bonaparte etimologistaren lankidea izan zen.
Jose Ignacio Aranaren heriotzaren mendeurrenean, Euskal Akademiaren euskaltzain oso Jose Antonio Arana Martijak esan zuen XIX. mendeko bibliografistarik onenetakoa izan zela. Ez zen hura izan Jose Ignacio Aranaren zereginik ezaguna, baina lan handia egin zuen alor horretan.
Jose Ignacio Arana Oñan (Burgos) zendu zen, 1896ko abenduaren 19an, Azkoitian, Poyannen, Urduñan, Durangon eta Baionan bizi ostean.