Efemeridea • 2023ko urriaren 18a
Jose Mª Otxoa de Txintxetru, bizitza Euzkadiren askatasunari eskainitako pertsona
Euzko Gudarostearen presidentea eta Sabino Arana Fundazioaren ohorezko patronatukidea izan zen; gaurkoa lako egun batean hil zen, duela 11 urte.
Langile nekaezina, zehatza, humanista, kristaua, abertzalea… umiltasun eta duintasunaren eredu! Hori guztia eta askoz gehiago izan zen gure Jose Mari, 2012ko urriaren 18an zendu zena, 94 urte zituela.
Otxoa de Txintxetru Begoñan jaio zen –Bilbora anexionatu baino hilabete batzuk lehenago− Sabino Arana ezagutu zuen familia abertzale baten baitan.
Gerra piztu zenean, bere burua boluntario aurkeztu zuen Begoñako batzokian, eta irailaren 24an, 18 urtere zituela, frontera joan zen, Gipuzkoako frontea indartzeko eta matxinatutako tropen erasoari aurre egiteko xedez. Zauritu egin zuten, eta Basurtuko ospitale sendatu ostean, Durangora joan zen. Han, anaietako batek lan egiten zuen, Durangaldeko errekrutatze-ofizial gisa. Anaiaren aginduz, Kirikiño batailoian sartu zen, ofizialorde.
Gerra galduta, Otxoa de Txintxetruk eta beste milaka gudarik atzera egin zuten, Kantabriarantz. 1937ko uztailaren 25ean, Santoñako Ituna sinatu eta bi egunera, Kirikiño bataloiko gudariak tropa frankisten eskuetan erori ziren. Eta biharamunean, Duesoko espetxean atxilotu zituzten.
Otxoa de Txintxetruk urtebete eman zuen kartzela horretan. 1938ko abuztuaren 15ean, tren batean sartu zuten beste preso batzuekin batera, eta Cadizko Puerto de Santa Mariako espetxera eraman zuten, hots, baldintza biziki gogorreko espetxe batera. Geroago, Algecirasko espetxera eraman zuten.
Urte horietan, agintari frankistak zigorrak berrikusten hasi ziren, preso ugari zitutelako espetxeratuta. Jose Mª Otxoa de Txintxetruri dagokionez, hogei urtetik hirura beheratu zioten kartzela-zigorra. Kondena betetzean, 1940ko abuztuaren 8an, azkenean, libre geratu zen.
Bigarren Mundu Gerran, Estatu Batuetako zerbitzu sekretuentzat lan egin zuen.
Diktaduraren azken urteetan, Otxoa de Txintxetruk EAJ berrantolatzen lagundu zuen. Hauteskunde-prozedurako zerbitzuaz hainbat urtetan arduratu ondoren, 1984ko maiatzaren 12an, Bizkai Buru Batzarreko idazkari hautatu zuten, eta kargu horretarako hautatu zuten berriro 1986ko otsailaren 15ean.
Sabino Arana Fundazioaren sortzaileetako bat izan zen eta bizitzako azken urteetan Euzko Gudarostearen presidentean izan zen.