Efemeridea • 2020ko azaroaren 23a
Jose Mari Makua, Bizkaiko lehoia
Gaurko lako egun batean, 1990eko azaroaren 23an, hain zuzen, Jose Maria Makua Zarandona hil zen. Makua berrezarpen demokratikoaren osteko Bizkaiko lehen ahaldun nagusia izan zen eta gaur egun ezagutzen dugun Bizkaiko Foru Aldundia eratzeko funtsezko eragileetako bat.
Bizkaitarren borondatea ordezkatzen duten Bizkaiko Batzar Nagusiek era demokratikoan aukeratutako Bizkaiko Foru Aldundiko lehen ahaldun nagusia izan zen Makua, azken karlistaldiaren amaieran, Bizkaia okupatu zuen armadaren buru zen jeneralak «manu militari» desegin eta 102 urtera.
Abandon (Bilbo) jaio zen 1922ko ekainaren 22an, eta hamabi urte zituela izan zuen lehen harremana euskal abertzaletasunarekin, EAJ alderdiarekiko lotura zuen “Euzko Ikasle Batza” ikasle-elkartean kidetu zenean. Gerra Zibilaren zioz, Frantziako erbestera joan zen hamabost urte bete zituenean. Gerra amaitutakoan, Euskadira itzuli zen, merkataritzako irakasle graduatu zen eta kontularitzako ikuskaritza, zerga-aholkularitza eta enpresen antolaketako bulegoa ireki zuen.
Makua Sabino Aranaren jarraitzaile sutsua zen eta ETAren aurka gogor borrokatzearen aldekoa zen.
Frankismo garaian, Juan Ajuriagerra ezagutu zuen eta harekin batera lan egin zuen klandestinitatean. 1979tik 1987ra, Euskadiko eredu konfederala aldeztu zuen eta Lurralde Historikoen Legea (LHL) bultzatu zutenetako bat izan zen. 1987an apartatu zen politikatik.
Ondoz ondoko bi agintaldi egin ondoren, EAJ alderdiko Jose Alberto Pradera izan zen beraren ondokoa.