Efemeridea 2022ko urtarrilaren 13a

Jose (Pepe) Mitxelena Agirre, 23 urtez Informazioaren Euskal Zerbitzuaren arduradun nagusia izandakoa Agirre lehendakariaren aginduetara

Irunen jaio zen gaurkoa lako egun batean, 1906ko urtarrilaren 13an, eta 1982ko martxoaren 14an hil zen Donostian.

Jose (Pepe) Mitxelena Agirre, 23 urtez Informazioaren Euskal Zerbitzuaren arduradun nagusia izandakoa Agirre lehendakariaren aginduetara

Gazte-gaztetatik Eusko Alderdi Jeltzaleko kidea izan zen, eta jaioterriko Uri Buru Batzarreko presidentea ere izan zen.

 

Gerra zibilaren hasieran, 1936an, Juan Ajuriagerrak kontraespioitza zerbitzua sortzeko eskatu zien Peperi eta beraren anaia Juan Joseri, Irun inguruan. Jarduteko egoitza Baionan ezarri zuten, eta handik harreman arina izan zuten Bilborekin, motor txikiek egindako loturen bidez.

 

Bilbo frankisten eskuetan erortzeko zorian zegoenean, Eusko Jaurlaritzarentzat lan egin behar zuen informazio-zerbitzua antolatzeko agindu zion Jose Maria Lasartek. Mitxelena izan zen Álava sarea izenekoaren bultzatzaileetako bat.

 

Gerra Zibila amaitu eta Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Lehendakariaren aginduz, aliatuekin elkarlanean hasi zen. Saint Paul les Dax (Landak) herrian ezarri zuen egoitza, eta handik eman zuen goarnizioei, Pirinioetako, Marokoko defentsei eta Frantziaren eta Espainiaren arteko mugei buruzko informazioa. Peperen harreman onei esker, Gurseko eremura eramandako hainbat euskal abertzale atera zituen handik, eta Alemaniako soldaduen aurrerapena zela eta, heriotzatik libratu zituen.
  
Nazien okupazioak iraun zuen artean, Akizen bizi izan zen anaiarekin. Handik, 1942tik aurrera, informazio-sarea berreratu eta eutsi zioten, ahal izan zuten neurrian. Horretarako, ezkutuan bildu ziren, besteak beste, Jesus Solaun edo Juan Ajuriagerra buruzagi jeltzaleekin.

 

1945eko apirilean, Parisen izan zen, eta Estatu Batuetatik iritsitako Agirre Lehendakariak antolatutako bileran izan zen. Batzar hartan, euskal abertzaletasunaren hurrengo urratsak finkatu zituzten.

Bigarren  Mundu Gerra amaitu ostean, frankismoaren aurkako borrokan laguntzen jarraitu zuen, 1959ra arte.

 

Lehendakaria zendutakoan, 1965ean, Hego Euskal Herrira itzuli zen.