Efemeridea • 2024ko apirilaren 18a
Joseba Rezola (1900-1971), euskal erresistentziako protagonista
Gaurkoa lako egun batean, 1900. urteko apirilaren 18an, hain zuzen, Joseba Rezola abertzalea jaio zen Ordizian. Rezola Agirre Lehendakariaren laguntzaile zintzoa izan zen; Gerra Zibilean, Defentsa idazkari jardun zuen eta, diktadura frankistan, Erresistentziaren buru.
Gipuzkoako EAJ-PNV alderdiaren militante nabarmena izan zen 14 urte zituenetik, Ordiziako Uri Buru Batzarreko presidentea izan zen eta Donostiako Euskal Idazkaritzako arduraduna.
Zuzenbideko lizentziaduna zen Joseba, eta uztailaren 18ko altxamendu militarraren ostean, Gipuzkoako Defentsa Batzordeko gerra komisarioa izan zen (EAJren ordezkari gisa) eta Kandido Saseta komandantearekin batera, lehenengo Euskal Milizien antolaketan parte hartu zuen. Eusko Jaurlaritza eratu zenean, Gernikan, Jose Antonio Agirre Lehendakariak Defentsako Idazkaritza Nagusiaz arduratzeko eskatu zion.
Ardura zail hori zerabilela, George Steer berriemaile britainiarra ezagutu zuen, eta kazetariak honela deskribatu zuen: «(…). Beraren gorpuzkera luze eta ahaltsua, aurpegi sendoa, begi zorrotzak, ahots irmoa… betiko iltzaturik geratuko dira historiaren nire pentsamoldean. (…) Rezola brontzezko arroka bat zen. Beldurra zer zen ez zekien gizon menderaezina. Anaitasunaren, kemenaren, lasaitasunaren eta gizatasunaren eredua zen, non, senez, behintzat, euskaldun guztiak eredu horretakoak diren».
Gerra galduta, 1937an, Santoñan preso hartu eta heriotza-zigorra ezarri zioten, baina 1943an aske irten zen, eta diktadura frankistaren aurkako euskal erresistentziaren buruzagi nagusietakoa izan zen. 50eko hamarkadaren amaieran, Euzko Alderdi Jeltzaleko idazkaria izan zen, eta handik gutxira, 1963an, Eusko Jaurlaritzara itzuli zen, lehendakariorde jarduteko, Xabier Landaburu ordezkatzeko azkena hil ondotik. Donibane Lohizunen hil zen, erbestean, 1971ko abenduaren 26an.
Eduardo Jauregik, 2020ko abenduaren 19an, DEIA egunkarian, Joseba Rezolari buruz argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.