Efemeridea • 2022ko urtarrilaren 27a
Juan Aranoa Carredano, garai guztietako euskal erretratugile eta muralista handienetako bat
Oso sortzaile garrantzitsua izan arren, Amurrioko kale batek eta hango udalaren arte eskolak baino ez digute gogora ekartzen 1901eko urtarrilaren 27an, Bilbon, jaiotako artista.
Hamar neba-arrebetan laugarrena zela, 18 urterekin Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan hasi zen, eta bertan, Higinio Basterra (1876-1957), Federico Sáenz Venturini (1869-1941) eta Antonino Aranburu (1862-1927) izan zituen irakasle. 1920an, Parisera joan zen erreferentzia estetiko berrien bila. Parisko hiriburuan, Arte Ederretako Eskolan eta Julien akademian ikasi zuen, baina eraginik nabarmenena Paul Cézanne (1839-1906) margolari inpresionistaren margolanetatik hartu zuen. Italian zehar egindako bidaiei esker osatu zuen prestakuntza, Antzinate klasikoko maisu handiei zien miresmenak gidatuta.
1924an, Amurriora (Araba) joan zen bizitzera eta, urtebete geroago, Bilboko Euskal Artisten Elkartearen aretoan erakutsi zituen lehen aldiz bere lanak jendaurrean, eta horrela egin zuen 1936. urtera arte.
1926an, Madrilen erakutsi zituen bere lanak, Nancy aretoan eta, beste euskal artista garrantzitsu batzuekin batera, Euskal Artisten Erakusketetan parte hartu zuen 1926, 1932 eta 1934 urteetan, Bilboko Arte Modernoko Museoan. Erretratugile eta muralista gisa, lan izugarria egin zuen, eta arrakasta handia izan zuen zein ikusleen eta kritikaren aitorpena jaso.
Gerra Zibila hasi zenean, Iparraldera erbesteratu zen lehenengoz eta bat, zehazki, Donibane Lohizunera, eta han erretratuak eta apaingarriak egiteko enkarguak jasotzen jarraitu zuen. 1937 eta 1939 artean, Eresoinkarekin kolaboratu zuen, hain zuzen ere, «Gernika» lanaren diseinu grafikoan.
1941ean, Argentinara joan zen bizitzera. Garai batean, Amerikako hainbat herrialdetatik barrena bidaiatu zuen, eta 1949an New Yorken ere erakutsi zituen bere lanak, baina zenbait hilabete eman zituen ospitalean hiri horretan, bihotzeko arazoak zirela eta. Garai horretan, Denak Bat euskal etxeak Mar del Platako kasinoan antolatutako Euskal Pinturaren Erakusketan parte hartu zuen.
Bi urte geroago Euskadira itzuli zen. Bermeoko Ertzilla dorrean jarri zuen estudioa, eta garai artistiko berri bati ekin zion, eta euskal gaiei loturiko margolaritzan hasi zen, erretratuak eta horma-dekorazioko proiektuak bazter utzi gabe. Aranoak Argentinako Olivos herriaren eta Bizkaiaren artean eman zituen bizitzako azken urteak. Olivosen hil zen, 1973ko ekainaren 3an.
1. argazkia: Juan Aranoa.
2. argazkia: “Alegoría de la industria vizcaína” (Bizkaiko industriaren alegoria). Egungo jabea: Bizkaiko Foru Aldundia.