Efemeridea • 2022ko ekainaren 23a
Karmele Errazti, EABko lehen presidentea
Pauen (Pirinio Atlantikoak) hil zen, gaurkoa lako egun batean, 1954ko ekainaren 23an.
Bilbon jaio zen, 1885ean, eta garai hartako euskal prentsa abertzalean idatzi zuen lehenengo emakumeetako bat izan zen, hasteko eta bat, Etxakin ezizena erabiliz, eta geroago, Emakume Bat goitizena.
Euskaldun berria zela, euskara irakaslea ez ezik, hiztun trebe-trebea izan zen.
Euzko Gaztediren barruan, 1922ko udaberrian, Emakume Abertzale Batza (EAB) eratu zenean, Karmele Errazti izendatu zuten lehenengo buru, aho batez.
Primo de Riveraren diktadurak debekatu zuen erakundea 1923an eta EABk klandestinitatean jardun behar izan zuen. 1931ko ekainaren 23an, aro berri bati ekin zion, eta Karmele Erraztik, ordurako Keperin Xemein sabindarraren emaztea zela, berriro hartu zuen erakundearen burutza. 1932an, berriro hautatu zuten, baina ez zuen izendapena onartu, karguetan pertsonak berritzea beharrezkoa zela iritzita. Hala, Teresa Azkue emakume sonatua izan zen presidentea.
Lau urte geroago, altxamendu frankistaren hasieran, EABk 5.500 bazkide inguru zituen Bilbon. Bizkaian, 116 elkarte eratuta zeuden, eta 15.000 kide inguru. Gipuzkoan, 66 elkarte ziren, 10.000 kide eta prestakuntza-aldian zeuden beste zortzi elkarte. Araban, 11 elkarte, 1.500 kide, beste hamabi prestakuntza-aldian eta hamar talde lokabe; azkenik, Nafarroan, 2.000 kide zeuden 12 elkartetan, beste 30 eraketa-aldian eta 40 talde lokabe. Guztira, ia 30.000 emakume zeuden EABn kidetuta.
Ideia abertzaleei tinko eutsita, bai gerran, bai erbestean, eta, geroago, nazien okupazioaren aldian, Pauen hil zen, 1954ko ekainaren 23an.