Efemeridea • 2023ko abenduaren 12a
Kepa Enbeita “Urretxindorra, bertsolari jeltzalea
Gaurkoa lako egun batean, orain dela 81 urte, 1942ko abenduaren 12an, hil zen Muxikan Kepa Enbeita “Urretxindorra” bertsolaria
“(…) Euzko Alderdi Jeltzaleko bertsolari ofizialtzat jo izan zen. Izan ere, oso ortodoxo eta beroa zen bere bertso-jarduna gai aberkoiak jorratzeko tenorean. Beste mitinlariren batekin joaten zen beti. Mitinlariaren berbaldiak bertsozko "osagarri" ideologikoa izaten zuen lagun. Hizkera ere aldatu zuen: Sabino Aranak proposatutako terminologia neologistari eutsi zion askotan, esaterako. Hala ere, hizkeran ez, baina bai iruditegian, esamoldetan, adierazkortasunean, estilo herrikoi eta sentibera jorratzen jarraitu zuen eta horrek arrakastatsu bilakatu izan zuen entzuleen aurrean. (…)
Neurri batean, berezko iruditegia landu zuen, izadiko elementuak metafora eta sinbolotzat erabilita. Aurreko zenbait bertso-jartzaileren eraginaren zantzuak ere antzematen dira, Felipe Arrese Beitiarenak, kasurako. Gaiak aipaturik, bertso edo olerki (bien arteko muga ez da zehatza) aberkoiak eta erlijiozkoak (uzkurtzazkuak) dira nagusi. Garaiko ezagun, lagun eta pertsonalitate zenbaiti eskainitako goraipamenezko bertso-poemak ere asko dira. Ipuin edo alegoria labur direnek ere sorta ederra osatzen dute, azkenik. Lantzean behin idatzitako zenbait bertso sarkastiko edo ironikok (grazia herrikoiaz idatzitakoa, bide batez esanda) ez du lausotzen muxikarraren konposizioei darien kutsu gizakoia. Horregatik izan zen hain bisitatua, agian, hilzorian zegoela eta, besteak beste, horregatik bildu zen hain jendetza handia bere hileta elizkizunetara, 1942ko abenduaren 12an azken arnasa eman eta gero.
Iturria: Asier Barandiaran Amarika (Auñamendi) https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/enbeita-kepa/ar-38794/