Efemeridea 2021ko apirilaren 16a

“Kili-kili”, euskara sustatzearen alde umeen artean

Gaurkoa lako egun batean, 1966ko apirilaren 16an, Bilboko San Anton parrokiako Euskal Katekesiaren babesean eta Klaudio Gallastegi apaizburuaren eta Jose Antonio Retolazaren eskutik, ume euskaldunentzako koadernotxo bat atera zen argitara.

“Kili-kili”, euskara sustatzearen alde umeen artean

Lehenengo zenbakiak fotokopietan banatu ziren, baina 21. zenbakitik aurrera liburuxka inprimatzen hasi ziren. Inork ez zuen pentsatuko, denbora laburrekoa zirudien ekimen hura sasoi hartako euskal haurren prentsa-proiekturik iraunkor eta asmo handikoen izango zenik. Euskaraz baino ez zen argitaratu, eta umeentzat idatzita zegoen ume batek idatziko balu bezala. Herri guztietara iristen zen, parrokietatik banatzen zuen blontarioen sare handiari esker.


Lehenago, 1959an, Felipe Murieta kaputxino nafarrak euskara sustatzeko asmoa izan zuen ume euskaldunen artean eta, bederatzi urtez “Umeen Deia” izenekoa osatu zuen, orri xume batzuk erabiliz.


Kili-kili ekimenak Murietaren lekukoa hartu zuen nafarrak lan eginiko baldintza kaskar berdintsuetan. Lehen oztopo administratiboak Euskerazaleak elkarteari esker gainditu zituzten, argitalpenaren legezko euskarrirena egin baitzuen. Lehen urte horietakoak ditugu “Lan ta Lan” alfabetatze-koadernoak, zazpi eta hamar urte bitarteko haurrentzat; “Ekin ta Ekin", 11 eta 13 urte bitarteko neska-mutilentzat; eta “Jarrai”, 14 eta 15 urte bitarteko nerabeentzat, guztiak bizkaieraz, gipuzkeraz eta lapurtarrez idatzita. 1976ko Gabonetan erdietsi zuen aldizkariak legezko baimena.


Une horretatik aurrera, aldizkari edo “komiki” berria 16 orrialdeko hilabetekari bilakatu zen, koloretan, euskalkietan argitaratuta eta urteko harpidetzaren bidez banatuta. Barruko orrialdeetan, “Asterix”, “Pantera arrosa”, “Mortadelo eta Filemón” eta euskal umeentzat egokitutako beste pertsonaia ospetsu batzuk agertu ziren; gainera, kultura-zabalkundeko atalek eta orduko pertsona entzutetsuei, hala nola Iribar edo Joxe Miel Barandiarani, eginiko elkarrizketek osatzen zuten aldizkaria.


Horrela, euskarazko irakaskuntza erakundetu zen arte, Kili-Kilik urrutiko hezkuntza sistema eratu zuen, euskal lurraldeetako milaka ume euskaldun alfabetatzen lagundu zuela eta euskara harreman-hizkuntza gisa bultzatu zuela.