Efemeridea 2024ko urriaren 29a

Euskal foruak 1841ean indargabetu zituzten

Gaurkoa lako egun batean, 1841eko urriaren 29an, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiei foru-izaera kendu zieten, euren adostasunik gabe. Hala, euskal foru-araubidea edo erregimen politiko berekia eta askatasunekoa bertan behera geratu zen.

Aurrekariak:

1839ko abuztuaren 29an, lehen karlistadaren amaiera ekarri zuen Bergarako hitzarmena edo Bergarako besarkada izenekoan, Esparterok konpromisoa hartu zuen Gorteei proposatzeko foruak eman edo alda zitzaten. Hainbat iritzi azaldu ziren hautu hartan: liberal aurrerakoiek euskal foraltasunaren aurka borrokatu zuten, baina, aldi berean, liberal moderatuek foruak aldeztu zituzten 1838az geroztik, auzi dinastikotik bereizita. Karlistak ez ziren afera horretan azaldu. Hala ere, 1839ko urriaren 25ean, engaiamenduzko tratua egin zuten: foruak berretsi ziren, monarkiaren batasun konstituzionalari kalterik egin barik, foruak aldatzeko erabakia hartuta. Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiak tratu horren aurka agertu ziren; ez, ordea, Nafarroakoa. 1840an, Esparterok, alderdi aurrerakoiaren buru bilakatu zela, boterea eskuratu zuen, liberal moderatuen aldekoa zen Maria Kristina erregeordea baztertu eta euskal foraltasunaren aurka egin zuen. Hurrengo urtean, gobernutik kanporatutako sail moderatuak matxinatu egin ziren, foruen defentsaren bando eginda, O 'Donell buru zutela. Esparterok matxinada zapaldu zuen, eta garaipena baliatu zuen foruak bertan behera uzteko 1841eko urriaren 29an, Bergaran sinaturiko itunari iruzur eginda.