Efemeridea • 2023ko urriaren 2a
Bermeoko Tostartekoen Elkartea, armadoreen eta arrantzaleen arteko harreman-modu adiskidetsua
Polikarpo Larrañagak sortu zuen 1932an eta mota horretako ermandade edo elkarteek onarpen handia izan zuten Bizkaiko kostaldean.
1932ko urriaren 2an, Bermeoko Tostartekoen Elkartea sortu zen Eusko Langileen Alkartasuna (ELA) sindikatuari hertsiki lotutako abade Polikarpo Larrañagaren eskutik. Elkartea arrantzaleak antolatzeko eta sektoreari eragiten zioten arazoak konpontzeko helburuz sortu zen, betiere arrantzaleen eta armadoreen arteko modu adiskidetsuan. Mota horretako elkarteek onarpen handia izan zuten Bizkaiko kostaldeko udalerrietan, eta Lekeition, Ondarroan eta Bermeon, oso denbora laburrean 2.000 lagun bazkidetu ziren.
1883ko urtarrilaren 26an, Soraluzen (Gipuzkoa) jaio zen Polikarpo Larrañaga XX. mende hasierako abade eta soziologo nabarmena izan zen, batez ere, apostolutza sozialean aritu zena. Hizlari eta idazle trebea izan zen, euskaraz zein gaztelaniaz, eta orriak bete zituen euskal prentsa abertzalearen sail sozialetan, hala nola Euzkadi, El Día, Argia, Yakintza eta abarretan.
Errepublikaren garaian gogoz lan egin zuen. 1932ko irailaren 11n, Ondarroan, Euzko Toztarteko Bazkuna sortu zuen eta, Frantzisko Basterretxearen laguntzaz, Bermeora zabaldu zen urte horretako urriaren 2an. 1933ko otsailaren 12an, Euzko Nekazarien Bazkuna sortu zuen eta Lino Lazkano izan zen elkarte horretako buruzagirik esanguratsuena. 1934an, urte hartako urrian jazotako iraultzaren ondorioz, Larrañaga nabarmendu zen Eibarko preso sozialistei eta haien familiei emandako laguntzagatik.
Gerra Zibila hasi zenean, Belgikara joan zen Sindikatu Kristauen Nazioarteko Konfederazioaren laguntza eskatzera, ELA bertako kide baitzen 1933. urtetik. Matxinatuen garaipenaren ondoren, Baionan finkatu zen eta Euzko Erbesteratuen Laguntza zuzendu zuen, errefuxiatuen familiak bil zitezen laguntzeko. Baionan hil zen, 1956ko abuztuaren 30ean.