Efemeridea • 2023ko urriaren 10a
“La Baskonia”, euskal nortasunaren eraikuntza Ameriketan
1893ko urriaren 10ean “La Vasconia” (1902tik aurrera, “La Baskonia”) aldizkari eusko-argentinarraren lehen zenbakia argitaratu zen Buenos Airesen
Aipaturiko egunean, 1893ko urriaren 10ean, hain zuzen, La Vasconia (1893-1943) aldizkari eusko-argentinarraren lehen zenbakia argitaratu zuen Buenos Airesen Jose Rufo Uriarte bermeotarrak, Francisco Grandmontagne Otaegi donostiarraren lankidetzaz. Bi-biak aldizkariaren zuzendarikide izan ziren zortzi urtean.
1902an, izenaren grafia aldatu eta La Baskonia izena hartu zuen aldizkariak. Bi zuzendariek lan intelektual handia hedatu zuten Ameriketako hainbat herrialdetan, besteak beste, Argentinan, Uruguain, Perun, Paraguain, Bolivian, Txilen, Venezuelan, Mexikon eta Kuban, bai eta Euskadin ere.
Aldizkariaren orrialdeetan, hainbat arte-adierazpeni buruzko berriak zabaldu ziren, biografia txikiak, Buenos Aireseko galerietako erakusketen aipamenak, euskal artisten margolan eta eskulturen berreginak ez ezik, artisten unibertsalenak ere bai, eta lanen marrazkiak, olioak edo argazkiak bidali zituzten artista ezezagun asko ere sustatu zituen.