Efemeridea • 2024ko ekainaren 27a
San Nikolas Barikoaren eliza (Bilbo)
Gaurkoa lako egun batean, 1743ko ekainaren 27an, Bilboko Udalak eliza eraisteko erabakia hartu zuen, uholdeen eraginetik kanpoko beste eliza bat eraikitzeko helburuz.
Bilboko Alde Zaharrean dagoen eraikinik esanguratsuenetako bat San Nikolas elizan dugu. Erdi Aroan, baseliza bat eraiki zuten arrantzaleek egungo eliza dagoen tokian, Bariko San Nikolas zaindariaren omenez, eta aurreneko mendeetan arazo larriak izan zituen zimenduetan uholdeen eraginez, itsas mailaren azpitik eta itsasadarretik oso gertu zegoelako. Behin baino gehiagotan berreraiki ostean, 1743ko ekainaren 27an, Bilboko Udalak arazo horiek guztiak behingoan konpondu eta beste bat eraikitzeko erabakia hartu zuen. Loiolako San Ignazio basilikako lanak egin zituen Ignacio Ibero arkitektoari eman zioten obra egiteko ardura, eta azpeitiarrak Kantabriako Bernardo del Anillo arkitekto eta delineatzailearen laguntza izan zuen. 1743ko abenduaren 6an, San Nikolas bezperan, lehenengo harria jarri zen eta 1756ko abuztuaren 11n inauguratu zen eliza.