Efemeridea • 2022ko uztailaren 7a
Lekeitioko San Nikolas uhartea, aztarna arkeologikoz beteriko altxorra
Aztarna ugari aurki daitezke uhartean: XV. mendeko baseliza batenak, XVII. mendeko frantziskotar komentu batenak eta XVIII. eta XIX. mendeetako azpiegitura militarrenak.
Gaurkoa lako egun batean, 1617ko uztailaren 7an, hain zuzen ere, Lekeitioko Udalak Bariko San Nikolas uhartea eta baseliza aita frantziskotar errekoletoei laga zien komentu bat eraikitzeko bertan. Fraideen komunitatea uhartean bizi izan zen 1650 urtera arte. Aldi batean, legenardun gaixoak hartu ohi ziren komentuan, bertara bidaltzen baitzituzten gainontzeko herritarrak ez kutsatzeko. Ur gezaren faltak eta baldintza nekezek frantziskotarren lana zailtzen zuten eta, beraz, hogeita hamahiru urte geroago, uhartetik joan ziren. Uhartea, baseliza eta komentua kabildoaren esku geratu ziren, lagapen-eskrituran araututa zegoen legez. 1795ean, baseliza eraitsi zuten frantsesen aurkako gerran, eta ez zen berriro zaharberritu.
250 metro luze eta, gailurrean, 48 metro garai dela, gaur egun, jenderik ez da bizi uhartean eta itxura basatia dauka. Aitzitik, San Nikolas edo Garraitz uhartean, antzinako aztarna ugari daude, hamaika istorio eta kondairaren lekuko.
Uhartearen hegoaldean, XV. mendean baseliza izan zenaren eta, ondoren, XVII. mendean frantziskotarren komentu bihurtu zen eraikinaren aztarnek gaurdaino iraun dute. Uhartearen goialdean ere, beste aztarna arkeologiko batzuk idoro daitezke. Azkenak jatorri militarrekoak dira eta frantsesek erabili zituzten XIX. mendearen hasieran. Era berean, itsas trafiko guztia kontrolatzen zuten bateria jagoleen gisako horma-egituren arrastoek iraun dute, baita bolborategi batenek ere. Azkenik, uhartearen perimetroan ageri diren harrizko aztarnek antzinako gotorleku harresiduna iradokitzen dute.
Joan den urtean, Lekeitioko Udalak, Atabaka kultura-elkarteak eta Aranzadi zientzia-elkarteak egitasmo bat abiarazi zuten uharteari balioa emateko eta bertan gordetzen diren altxor arkeologikoen berri emateko.