Efemeridea • 2024ko maiatzaren 29a
Euskararen jazarpena frankismoaren sasoian.
“Gaztelaniaz besteko hizkuntzak eta dialektoak hitz egiteko debekuari buruz xedatutakoa urratzen duen oro salatuko da”, agindu zuen Donostiako komandantzia militarrak 1937ko maiatzaren 29an.
1937ko maiatzaren 29an, agintari frankistek euskararen erabilera debekatu zuten Donostian. “Gaztelaniaz besteko hizkuntzak eta dialektoak hitz egiteko debekuari buruz xedatutakoa urratzen duen oro salatuko da”, ohartarazi zuten Gipuzkoako hiriburutik.
Elbira Zipitria gogoan hartu genuen, hau da, euskarazko irakaskuntzaren aitzindari eta ikastolen sarearen sortzaile esanguratsuetako bat. Elbira lako andereñoak hizkuntza irakasten eta berreskuratzen eta euskal kultura zein nortasuna biziberritzen hasi zirenean, diktadura frankista bete-betean zegoela, euskara ikasgeletan eta kalean ez ezik, elizetako pulpituetan eta hilarrietan ere debekaturik zegoen.
Herrietan, udal-administrazioa gune garrantzitsua izan zen botere zentralistaren kultura derrigortu eta hedatzeko, bando, arau, lege eta abarren bidez, frankisten erregimenak zerabilen elebakartasuna ezartzeko politika itsu eta tematiaren erakusgarri.
Ildo beretik, garaiko gobernadore zibilen zenbait xedapenek ere ez zuten euskaraz hitz egin edo idazteko aukerarik ematen. Bizkaiko Gobernu Zibilaren 1949ko azaroko aginduak, esaterako, euskarazko idazkunak Gernikako hilerriko hilobietatik kentzeko xedatu zuen; euskaraz idatzitako hilarriak zementuz estali zituztelako argazkiek, isunek, erregistroek eta abarrek argiro erakusten digute norainokoa zen euskarak garai hartan pairatu behar izan zuen jazarpena.
Ingurumari horretan jardun zuten lanean Elbira Zipitria lako gizon-emakumeek. Bazekiten orduan ereindakoa ez zela etorkizunean alferrik galduko. Euskararekiko eta gure kulturarekiko maitasuna irakatsi nahi izan zieten neska-mutilei. Eta haiei guztiei esker, euskalduntasunak bizirik iraun du gaurdaino.
Horregatik, Sabino Arana Fundazioak sarietako bat eman zien “klandestinitateko andereñoei” 2006ko edizioan, “gure kultura-nortasuna eta gure hizkuntza klandestinitate- eta bortxazko jazarpen-testuinguru batean berreskuratzeko konpromisoa eta borroka” aitortzeko xedez.
Bestalde, 2001ean, Fundazioak “Habla en cristiano” erakusketa ibiltaria antolatu zuen. Erakusketa horretan, Euskadiko udalerri askotan historian zehar euskarak jasan duen jazarpenaren berri eman zen objektu, argazki, dokumentu eta lekukotasun grabatuen bidez.
Argazkia: Gipuzkoako gobernadore zibilak jarritako isuna katalanez hitz egiteagatik.