Efemeridea • 2023ko ekainaren 12a
“Burdin Hesiaren” haustura eta Bilboko hiriaren galera.
1937ko. ekainaren 12an matxinatutako soldaduek “Bilboko Burdin Hesia” hautsi zuten Gaztelumendi parean (Larrabetzu) eta Bilbo artilleriaz bonbardatzen hasi ziren.
1937ko lehen hilabeteetan, matxinatuak Madril mendean hartzeko gauza ez zirela ikusita, Franco jeneralak Bizkaiko frontera aldatu zuen erasoaldia. Matxinatuen armadak, armez askoz oparoago hornitutakoak, batik bat, nazien eta faxisten hegazkinei esker, traidore batzuen laguntza izan zuen, hala nola Alejandro Goikoetxearena, hots, Burdin Hesiaren eraikuntza-lanen zuzendari izan zenarena. Goikoetxeak frankisten aldera egin zuen, eta xehetasun osoz eman zien defentsa-hesiaren ezaugarrien berriz, bai eta nahita utzitako ahulguneei buruzko informazio zehatzaren berri ere.
Hori horrela, matxinatuei behar baino errazago suertatu zitzaien burdin hesiaren lehen babesak gainditzea 1937ko martxoaren 31n. Hala, ekainaren 12an, hegazkinik ez zeukan Eusko Gudarostea ezinean ari zen nazionalen hegazkinen etengabeko oldarraldiei aurre egiten, matxinatuei italiarrek eta alemanek laguntzen zietela, euskal frontea eta hiriak erabat birrindu nahian. Egun horretan bertan, matxinatutako soldaduek “Bilboko Burdin Hesia” hautsi zuten Gaztelumendi parean (Larrabetzu) eta Bilbo artilleriaz bonbardatzen hasi ziren. Larrabetzuko erasoetan, Roque Amunarriz komandantea hil zen.
110 hegazkin, 180 artilleria pieza eta 10.000 soldaduren laguntzaz, frankistek gerrikoaren azken defendatzaileak egotzi zituzten euskal borrokalariek Mantulizen (Derio) egindako azken kontraerasoetako bati erantzunez. Matxinoen tropak gertu zeudenez, hilaren 13ko gauerdian bilera bat egin zen Lehendakaritzan (egungo Carlton hotela), Agirre lehendakaria buru zela. Batzar hartan, zibilak ebakuatzea eta Euskadiko hiriburuaren defentsa prestatzea erabaki zuten. Hurrengo egunetan, tropa frankistek aurrera egin zuten Txorierritik barrena, inolako aurkaritzarik gabe, eta euskal soldaduak Artxandara eta Egirletara erretiratu ziren, Bizkaiko hiriburuaren galera atzeratzeko helburuz. Artxanda mendian izandako azken erresistentzia epikoak ahalbidetu zuen milaka zibil eta borrokalari Santanderrera ebakuatzea, baina frankistek mendean hartu zuten hiria 1937ko ekainaren 19an. Bada, Bilbo galdu egin zen haren inguruko defentsa-gerrikoa hautsi eta astebetera.
Aitor MIñambresek “El Cinturón de Hierro - Bilbao'ko "burdin-esia" erreportajea, 2012ko ekainaren 7an DEIA egunkarian argitaratutakoa, erantsi diogu artikuluari.