Efemeridea 2020ko ekainaren 3a

Larrazabalgo Zina edo euskal abertzaleen lehen ekitaldi politikoaren 127. Urteurrena

Lehen urteetan, Espainiako agintariek jarritako isunak, bahiketak eta egunkarien itxierak, espetxeratzeak eta abar etengabeak izan ziren euskal abertzaleentzat.

Larrazabalgo Zina edo euskal abertzaleen lehen ekitaldi politikoaren 127. Urteurrena

Larrazabalgo Zina egin zenetik 127 urte bete dira gaur. 1893ko ekainaren 3an, Sabino Arana Goirik jendaurrean azaldu zituen lehenengoz bere abiaburu politikoak, “Bizkaya por su independencia” liburuan ageri zirenak, hain zuzen ere. Begoñako Larrazabal baserri-txakolindegian eman zuen hitzaldia, foruzale batzuek gonbidatutako askari-afari batean, Goiriren pentsamolde politikoaren berri emateko asmoz. Bilera hartatik, lehen euskal abertzaleak sortu ziren.


Une horretatik aurrera, mugarriak eten barik gertatu ziren Sabino Aranaren ibilbide politikoan: 1893ko ekainaren 8an, Bizkaitarra aldizkariaren lehen alea argitaratu zuen Bilbon, hots, lehen egunkari (astekari) abertzalearen aurreneko alea; 1894ko uztailaren 14an, Euskeldun Batzokija inauguratu zen Bilbon, ikurrina lehen aldiz jaso zela; eta 1895eko uztailaren 31n, Euzko Alderdi Jeltzalea eratu zen. Alderdiarekin batera, JEL leloa ere sortu zuen, (‘Jaun-Goikua Eta Lagi-zaŕa’, orduko idazkeran), sabindar ideologia biltzen duen akronimoa, eta horretatik, jeltzale eta jelkide berbak eratorri ziren. 


Horren guztiaren berri aurreratu zuen Sabino Aranak 1893ko ekainaren 3ko hitzaldi gogoangarri hartan: “Hiru eginbehar azaldu ziren lehenengo egunetik nire begien aurrean: nire aberriaren hizkuntza, zoritxarrez erabat ezezaguna zitzaidana, haren historia eta legeak ikastea; bigarrenik, euskararik ez duten aberkideak sustatzea, gramatika bat argitaratuta, eta hizkuntza liburu eta egunkari batzuen bidez ikasi eta irakasteko modua emanda, eta aberriaren historiaz eta politikaz jarduteko egunkari bat argitaratzea… Eta horren guztiaren laburpen gisa, abertzaletasuna ezartzea bandera bakarraren pean”.


Lehen urteetan, Espainiako agintariek jarritako isunak, bahiketak eta egunkarien itxierak, espetxeratzeak eta abar etengabeak izan ziren euskal abertzaleentzat. Sabino Arana bera hainbatetan espetxeratu zuten, horietako batean, “matxinada” delituagatik, Theodore Roosevelt AEBetako presidenteari zorion-telegrama bat bidaltzen saiatzeagatik, Kubaren independentzia zela eta.


1931. urtean, Euzkadi egunkariak Larrazabalgo hitzaldiaren eta zinaren urteurrena gogoratu zuen eta Telesforo Monzon gazteak Bilboko Euzko Gaztediren lokaletan eman zuen hitzaldirako gonbita egin zuen.
 

Informazio gehiago hemen:

- Jean Claude Larronderen artikulua, Hermes aldiskarian, 11 zbk. (2004)

- Luis de Guezalaren artikulua, DEIAn, 2011/06/04