Efemeridea • 2024ko martxoaren 13a
Laurak Bat, munduko euskal etxerik zaharrena.
1877ko martxoaren 13an, hamahiru euskal gaztek, Buenos Airesen (Argentina) lehen euskal etxea sortu zuten: Laurak Bat.
Ondokoak izan ziren hamahiru gazteok: Francisco Aranguren, Francisco Beobide, José M. Berastegi, Juan M. Elgarresta, Vicente Ganuza, Anselmo Gomendio, Juan S. Jaka, Pablo Larburu, Canuto Lasaga, José A. Lasarte, Daniel Lizarralde, Hilario Mayora eta Ramón Sorondo. Erakunde horren webgunean esaten den bezala, euskal etxearen sorrera lotura hertsia izan zuen euskal foruen indargabetzearekin.
Euskal etxe hura Argentinako eta, ziur aski, Amerika osoko euskal erakunde garrantzitsuen bilakatu zen; bigarren etxea izan zen euskaldunentzat eta diasporaren funtsezko ardatza, aldi luzeetan, eta Atlantikoz bestaldeko euskal kultura biziberritu zuten hainbat ekimen eta erakunderen egoitza izan zen, hala nola Acción Vasca de Argentina, Editorial Vasca Ekin, Buenos Airesko Emakume Abertzale Batza, Euskaltzaleak, Eusko Kultur Etxea edo Instituto Americano de Estudios Vascos.