Efemeridea 2020ko ekainaren 26a

Lehen euskal aberri-erromesaldia Lourdeseko santutegira

1910eko uztailaren 23tik 25era, EAJk fededunen lehen aberri-erromesaldia antolatu zuen Pirinioetako bi aldeetako euskaldunak bertan biltzeko asmoz.

Lehen euskal aberri-erromesaldia Lourdeseko santutegira

XX. mendearen hasieran, EAJ boto gehiago biltzen hasi hautestontzietan; gainera, alderdi konfesionala zenez –alderdiaren “JAUNGOIKOA ETA LEGE ZAHARRA (JEL)” leloan laburbilduta− gai izan zen indar politiko espainolistekin bat ez zetozen  milaka euskaldun katoliko eta abertzale erakartzeko.

 

Urte haietan, Biarnoko Lourdes herria erromesaldia egiteko ohiko leku bilakaturik zegoen euskaldunentzat, Ama Birjinaren agerraldiak zirela eta. Abaguneaz baliatuz, 1910eko uztailaren 23tik 25era, EAJk fededunen lehen aberri-erromesaldia antolatu zuen Pirinioetako bi aldeetako euskaldunak bertan biltzeko asmoz.

 

Gaurko albistean, gertaera hura eta Ama Birjinari emateko egin zen zutoihalaren historia –egiazko ehungintza-artelana− ekarri nahi ditugu sail honetara, nahiz eta, azkenean, zutoihala ezin izan zen utzi Andre Mariaren santutegian.

 

Zutoihala Luis Aranak egindako Euskadiko Konfederazioaren banderaren diseinuari jarraituz josi zen. Gurutze zuriaren erdian, Euskadiren armarria agertzen da, Mariaren izenaren inizialarekin estekatuta, Zeruko Erreginaren koroa ohoragarriaren azpian.

 

Goiko zerrendaren gainean, “Zure egapian artu gagixus” irakur daiteke. Gurutze berde txikiak daude zilar koloreko eremu baten gainean, armarriaren inguruan, Jainkoarekiko askatasuna esan nahi dutela; goialdean, zilar-koloreko gurutzeak eroskunde edo errendentzioa adierazten du.

 

Atzealdea gorrimina da, eta, behealdean, letra berdez idatzita, idazkun hau agertzen da: «Lenengo Euzkotar ozterea Lourdesera. 1910’go Garilla’ko 23-14-15etan».

 

Luis Aranak berak eraman zuen zutoihala, erromesaldi horretako banderadun zela. Hasiera batean, helburua santutegian bertan uztea zen, baina Tarbeseko gotzainaren ezezkoa izan zela kausa, Euskadira ekarri zuten berriro. Mobilizazio garrantzitsu horretan, bost tren erregular eta bost tren berezi erabili ziren Bilbo, Sukarrieta, Maltzaga eta Donostiatik abiatuta.


 
Geroago, urtebete joanda egin zen bigarren erromesaldian ere erabili zen zutoihala. Bi erromesaldietan, euskaldunek zabarkeria ugari jasan zituzten Frantziako eliz agintarien aldetik, Espainiako kleroak sakatuta.

Frankismoaren sasoian, Zarauzko Torner familiari eman zioten zutoihala, eta eta familiak gorde egin zuen Sabino Arana Fundazioari dohaintzan eman arte.

 

Albisteari erantsi diogun Iñaki Goioganaren erreportajean, erromesaldi horiek zer-nolako testuinguru historikotan egin ziren aurkituko duzu.