Efemeridea 2020ko irailaren 28a

Lehen Euskal Mundu Biltzarra (1956): etorkizunerako proposamen berriak Euskadirentzat

Agirre lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren kudeaketaren lehen 20 urteetako balantzea egin zuen.

Lehen Euskal Mundu Biltzarra (1956): etorkizunerako proposamen berriak Euskadirentzat

Euskal herritarrentzako egoera traketsean, Estatu Batuek erregimen frankista aitortu, diktaduraren errepresioa gogortu eta “Erresistentziako” kideen atxiloketa etengabea zela, Jose Maria Lasartek, Amerikatik, kongresu handi bat antolatzea proposatu zion Jesus Maria Leizaolari, ideologia guztietako euskal herritarrek euren jardunaren balantzea egin zezaten, eta nazioarteko egoera berrian jarraitu beharreko arauak eta estrategiak finka zitzaten. Artean, 20 urte igaro ziren lehen Eusko Jaurlaritza eratu zenetik.


1956ko irailaren 23tik 29ra egin zen I. Euskal Mundu Biltzarra Parisen. Agirre lehendakaria, Euzkadiko Gobernuko kideak, barnealdeko eta erbesteko euskal alderdi eta erakunde sindikal eta kultural guztietako ordezkariak, Ameriketako euskal etxeetako ordezkariak eta Euskaldunen Lagunen Nazioarteko Ligako ordezkariak izan ziren biltzarrean.


Guztira 400 bat biltzarkide izan ziren eta eztabaidak lau gai nagusitan ardaztu ziren: politika, ekonomia, kultura eta euskal herritarrak munduan.


Agirre lehendakariak biltzar hori baliatu zuen “etorkizuneko programa” bat prestatzeko helburuz, bere inguruan gertatzen ari ziren aldaketa sozial eta ekonomikoen azterketa proposatuta, bai eta aldaketa horiek kulturaren esparruan izan zitzaketen ondorioen azterketa ere.


Agirrek Euskadirentzako etorkizuneko proposamen berria eraikitzeko xedez antolatu zuen ekimena, “Estatutuaren eta haren aurreko testuen egituratze materialean” oinarrituta, proposamen hori abiapuntu izan zedin erakunde politiko guztientzat.


Goi-bileran, erbesteko Euzko Jaurlaritzaren ordezkari izan zen Jesus Galindez zendu berria omendu zuten, eta “Amerikako Euskal Erakundeen Konfederazioa” eratu zuten, egoitza Caracasen (Venezuela) ezarrita.
1987an, Jose Antonio Ardanza lehendakari zela, Eusko Jaurlaritzak beste Euskal Mundu Biltzar bat antolatu zuen.