Efemeridea 2021ko urriaren 7a

Lehen Eusko Jaurlaritzaren 85. urtemuga

Gaur, urriak 7 dituela, 85 urte bete dira lehen Eusko Jaurlaritza eratu zenetik. Tradizioaren eta askatasunen arbolaren azpian, Gernikan, Agirre Lehendakariak karguaren zina egin zuen; bien bitartean, matxinatutako tropek aurrera segitzen zuten, artean okupatu gabeko euskal lurraldeez jabetzeko.

Lehen Eusko Jaurlaritzaren 85. urtemuga

Arratsaldeko bost-bostetan, hauteskunde-mahaietako botoak zenbatu ziren herriko foru-hiriko batzar aretoan.


Jose Antonio Agirre Lekube aukeratu zuten lehen lehendakari. Jarraian, karguaren zina egin zuen Gernikako Arbolaren azpian. Hauxe esan zuen: “Jaungoikoaren aurrian apalik. Eusko Lur ganian zutunik eta Bizkaiko areitz-azpijan asabaen gomutaz. Nire aginbidia zintzoruen betetia, zin dagit”.


Lehendakaria izateaz gain, Defentsa Sailaz kargutu zen Agirrerekin (EAJ) batera, honako hauek osatu zuten agintarien taldea: Telesforo Monzon (EAJ), Gobernazio sailburua; Jesus Mª Leizaola (EAJ), Justizia eta Kultura sailburua; Juan Astigarribia (PCE), Herri Lanen sailburua; Santiago Aznar (PSOE), Industria sailburua; Ramon Maria Aldasoro (Izquierda Republicana), Merkataritza eta Horniduren sailburua; Eliodoro de la Torre (EAJ), Ogasun sailburua; Juan de los Toyos (PSOE), Lan, Aurreikuspen eta Komunikazio sailburua; Juan Gracia (PSOE), Gizarte Urgazpeneko titularra; Alfredo de Espinosa (Unidad Republicana), Osasun sailburua; eta Gonzalo Nardiz (EAE-ANV), Nekazaritza sailburua.


Euzkadiko lehen gobernua izan zen, matxinatuen aurka borrokan ari ziren indar politiko demokratiko guztietako kideek osaturikoa.


Jose Antonio Rodriguez Ranzek DEIA egunkariko Historias vascas sailean, 2011/10/08an, Agirreren zinaren 75. Urteurrenaren kariaz, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.