Efemeridea • 2021ko azaroaren 24a
Lehen Gargantuaren aita eta suhiltzaile eredugarria
Gaurkoa lako egun batean, 1815eko azaroaren 24an, Antonio Etxaniz –“Etxaniz suhiltzailea” izenez ezagunagoa− jaio zen Bilbon.
Suhiltzailea izan baino lehen, arotza eta obra-maisua izan zen lanbidez, eta Bilboko jaietako lehen Gargantua diseinatu eta eraiki zuen 1854an. Gargantua eraikitzeko, François Rabelais idazlearen pertsonaia hartu zuen oinarri, hau da, erraldoi tripontzi eta onkotea. Etxanizek baserritar handi baten itxura eman zion, umeak irentsi eta atzeko aldetik botatzen dituena, txirrista batetik irristaka jaitsi ostean. Orduz geroztik, ume-jale tripazorroak gaurdaino iraun du, eta jaietako ezagunena da Bilboko jaietan umeen artean.
Etxaniz suhiltzailea heroi bat bezala hil zen, beste hiru lankiderekin batera, 1867ko ekainaren 7an, Posta kaleko Delmasen alargunaren inprimategi eta liburu-dendan piztutako suak harrapatuta. Indautxu inguruko plaza batek eta anbulatorio batek Etxaniz izena daramate suhiltzailearen omenez. Argazkian, Gargantua 1981eko Bilboko Aste Nagusian.