Efemeridea • 2020ko ekainaren 17a
Leizaola, Aznar eta Astigarribia, Bilbon bertan hiriburua galdu zeneko azken unera arte
Biztanleria zibilaren ebakuazioa antolatu zuten eta milaka preso frankistaren askapena erraztu zuten.
1937ko ekainaren 17an, matxinoen tropek Bilbo okupatu baino bi egun lehenago, Eusko Jaurlaritza bi taldetan banatu zen. Alde batetik, Euzko Alderdi Jeltzaleko Jesús María Leizaola, Alderdi Sozialistako Santiago Aznar, Alderdi Komunistako Juan Astigarribia eta Gamir Ulibarri jenerala Bizkaiko hiriburuan geratu ziren Defentsa Batzordeko buru, biztanleria zibilaren ebakuazioaz arduratzeko. Ordu batzuk lehenago, gainerako sailburuek eta Jose Antonio Agirre lehendakariak Enkarterrira alde egin behar izan zuten eta tokiz aldatutako herritarren arreta prestatu behar izan zuten. Bilbo galtzea ordu batzuen kontua zen.
Aurreko egunak
Bilboko Burdin Hesia Gaztelumendi parean hautsi zuten egun batzuk lehenago, 12an, hain zuzen ere, eta euskal soldaduak alemanen eta italiarren hegazkinetatik inpunitate osoz eraso egiten zieten arerioaren menpean zeuden. 16an, indar frankistak Bilboko atarian zeuden.
Egun horretan bertan, Eusko Jaurlaritza agintari militarrekin bildu zen Lehendakaritzaren eraikinean, egungo Carlton hotelean, Plaza eliptikoan. 21:30ean, lehendakariak euskal herritarrei berba egin zien Radio Bilbao irratitik eta gudarien heroismoa aldarrikatzeko mezu sufritua igorri zuen. Gau hartan bertan, Eusko Jaurlaritzak hiritik irten behar izan zuen.
Bilbo galtzear zegoela, gizabide osoz, Leizaolak Larrinagan zeuden preso frankistak askatzeko agindua eman zuen, hurkoekin elkartu eta bizirik atera ahal izateko. Hala eta guztiz ere, agintari frankistek ez zuten ekintza eskuzabal hori aitortu, ezta frankisten ildoko hedabideek ere, presoen askapena ihesaldi heroikoz mozorrotu baitzuten.
Ekainaren 18an, Errepublika garaiko azken egunkaria argitaratu zen Bilbon, Euzkadi egunkaria, azken ahalegina egiteko deia egiten zuela.
Hilaren 19ko goizaldean, armada frankistaren aurrera egitea ordu batzuetan gerarazi eta ebakuazioa errazteko asmoz, itsasadarraren gaineko zubiak lehertu ziren. Gainera, Defentsa Batzordeak hainbat obra, ondasun eta eraikin suntsitzea eragotzi zuen, hala nola Deustuko Unibertsitatea.
Ekainaren 19an, tropa frankisten abangoardia Bilboko kaleetan sartu zen; okupazio armadaren gehiena geroago iritsi zen.
Informazio gehiago hemen: