Efemeridea • 2020ko irailaren 7a
Leizaola, leialtasuna, zintzotasuna eta Euskadiren aldeko ekinbidea
1960ko martxoaren 28an, erbesteko Euzkadiko Jaurlaritzako lehendakariaren karguaren zina egin zuen Jose Antonio Agirreren hilkutxaren aurrean, Donibane Lohizuneko hilerrian
Gaurkoa lako egun batean, 1896ko irailaren 7an, Jesus Maria Leizaola, Lehendakari Zaharra, jaio zen Donostian. Zuzenbideko lizentziaduna zen eta bikaineko kalifikazioa lortu zuen azken proban. Oposizio bidezko funtzionarioa izan zen Bilboko Udalean, Gipuzkoako Diputazioko idazkaria, diputatua Errepublikako Gorteetan, Euskal Unibertsitate Publikoaren sortzailea, Justizia eta Kultura sailburua… baita errepresaliatua ere, Alfontso XIII.aren aurrean, kartel bat eskuetan zuela, Euskadirentzako unibertsitatea eskatzeagatik. Ekintza horren zioz, oinez eraman zuten Zornotzara eskuburdinak jarrita.
Gerra Zibila hasi zenean, Gipuzkoako Defentsa Batzan aritu zen, harik eta 1936ko irailaren erdialdean, Gipuzkoako hiriburua tropa frankisten eskuetan geratu zen arte. Egun batzuk geroago, urriaren 7an, Agirre lehendakariak Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Kultura sailburu izendatu zuen.
George Steer Times egunkariko kazetariak honela deskribatu zuen Leizaola: “Bilbo menderatu zuten, baina hiria gobernatzen zuen gizon aurpegi tristeak, jantzi beltz lodikoak, erabaki zuen bere istorioa garbia izatea azken muturreraino. Lehendakaritzan, telefonoaren ondoan, amaieraren zain zegoen. Haren aurpegiko ezaugarriek erabateko lasaitasuna islatzen zuten. Gizon horren simetria obalatu geldi eta tinkoan, zintzotasuna hauteman nuen, mundu honetan gutxitan ikus daitekeen izaera berezi bati dagokion zorroztasuna, eta ez zen lehenengo aldia”.
Bilbo galdu eta euskal gobernua Kataluniara lekuz aldatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak Frantzian zeukan ordezkaritzaren arduradun eta “Euzko Deya” agerkari ofizialaren arduradun ere izendatu zuten Leizaola.
Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, alemaniarrek okupatutako eremuan geratu behar izan zuen. Geroago, erbestean zegoen Euzkadiko Jaurlaritza berriz eratu zenean, Leizaola Jaurlaritzak Baionan zeukan ordezkaritzaren buru izan zen eta, besteak beste, informazio-zerbitzuen eta herri barruko erresistentziarekiko harremanen ardurak eman zizkioten.
1948an, Euzkadiko Jaurlaritzako lehendakariorde izendatu zuten, bai eta gobernuaren prentsa-organoaren (Euskadiko Prentsa Bulegoa) arduradun ere. 1960ko martxoaren 28an, erbesteko Euzkadiko Jaurlaritzako lehendakariaren karguaren zina egin zuen Jose Antonio Agirreren hilkutxaren aurrean, Donibane Lohizuneko hilerrian.
Gernikako Autonomia Estatutua onartu ondoren, 1979ko abenduaren 15ean, behin betiko itzuli zen 40 urtetik gorako erbestealditik eta Euskal Kontseilu Nagusiaren esku utzi zituen bere eskuduntzak.
Eusko Alderdi Jeltzalearen izenean, Bizkaiko hautagaitzaren buru izan zen 1980ko martxoan egin ziren Eusko Legebiltzarrerako lehen hauteskundeetan. Hilabete batzuk geroago, ordea, jesarlekuari uko egin zion.
Donostian hil zen, 1989ko martxoaren 16an, 92 urte zituela.