Efemeridea 2021ko azaroaren 18a

Leizaolak Euskal Unibertsitatea sortu zuenekoa

85 urte bete dira Euzko Irakastola Nagusia sortzeko dekretua argitaratu zenetik.

Leizaolak Euskal Unibertsitatea sortu zuenekoa

Gaurkoa lako egun batean, 1936ko azaroaren 18an, Agirre lehendakaria buru zuen lehen Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Euskal Unibertsitatea/Euzko Irakastola Nagusia era ofizialean sortzeko dekretua argitaratu zen Euskal Herriko Egunkari Ofizialean.
Jesus Maria Leizaola, Kultura sailburua, izan zen euskal unibertsitatearen benetako eragilea eta behin eta berriro eskatu zuen urrats hori egiteko. 26 urte zituela, gertaera berezi batean parte hartu zuen. Leizaola atalburua zen Bilboko Udalean, eta Gernikan egin zen Eusko Ikaskuntzaren III. Biltzarrean kartel bat paratu zuen Alfontso XIII.aren aurrean, hauxe adierazita: “Queremos la Universidad Vasca” (Euskal Unibertsitatea nahi dugu). Horren ondorioz, bera eta Euzkadi egunkariaren zuzendaria, Pantaleón Ramírez de Olano, atxilotu eta lotuta eraman zituzten kartzelara. Hurrengo egunean, lotuta berriz ere, Bilbora eraman zituzten oinez, eta zornotza parean libre utzi zituzten.


Abian jarritako lehen fakultatea Medikuntzakoa izan zen (Osakintza Ikastola), abenduaren 1ean, eta Basurtun zegoen Bilboko Ospitale Zibilean jarri zuten. Eusko Jaurlaritzaren helburua bazen hezkuntza-sare oso eta integrala sortzea, baina plan horiek guztiak zapuztu ziren matxinatuak Bilbon sartu zirenean; hala, 1937ko ekainean, Universidad Vasca/Euzko Irakastola Nagusiko ikasgeletako ateak itxi behar izan zituzten.


Aitor Estebanek DEIA egunkariaren Historias Vascas sailean, gertakizun horren 75. urteurrena dela eta 2011-11-05ean argitaratutako “Pro Universidad Vasca” erreportajea erantsi diogu artikuluari.


Irudian, Basurtuko Ospitaleko Medikuntza Fakultatearen inaugurazio-ekitaldia.