Efemeridea 2021ko apirilaren 14a

Leizaolaren ezkutuko bisita Gernikan

Gaurkoa lako egun batean, 1974ko apirilaren 14an, Jesus Maria Leizaola lehendakariak Gernika bisitatu zuen ezkutuan, erbestetik etorrita, urte hartako Aberri Eguna zela eta.

Leizaolaren ezkutuko bisita Gernikan

Lehendakaria Gernikara joateko ideia Iñaki Durañonarena izan zen. Hasiera batean, EAJ-PNV alderdiaren Euzkadi Buru Batzarrak ez zion ondo iritzi. Hala ere, Fede Bergaretxek eta Txomin Saratxagak Juan Ajuriagerraren baiezkoa lortu zuten, baldin eta muga zeharkatzerakoan arriskurik ez bazegoen.


Orduan, 1974ko apirilaren 13an, Leizaolak muga zeharkatu zuen Beratik, gudari izandako beste hiru pertsonarekin batera. Bilbotik igaro ostean, Sabin Zubiriren Algortako etxera iritsi zen lehendakaria. Bertan, Juan Ajuriagerra eta Luis Mari Retolaza zituzten zain, bidaia horren berri nazioartean eman zuten atzerriko kazetari batzuekin batera.


Hurrengo egunean, Pazko-domekan, Aberri Egunean, Leizaola Gernikara joan zen. Eta bidean, astia hartu zuen Sabino Aranaren gorpua lurperatuta zegoen hilobia bisitatzeko, Sukarrietan. Geroago, batzar-etxera joan zen Gernikako Arbola ikustera.


Gernikan denbora laburrean egon ostean, muga zeharkatu zuen berriro, Behobiatik barrena. Horrela, 37 urte erbestean eman eta gero, Jesus Maria Leizaola lehendakaria berriro agertu zen Euskadin.


Bost urte geroago, harrezkero klandestinitatea atzean utzita, harrera jendetsua egin zioten Leizaolari San Mames futbol-zelaian, eta ekitaldi hartan, Lehendakaritzaren lekukoa Carlos Garaikoetxea gazteari eskualdatu zion.


Artikuluari erantsita doa Luis de Gezalak, DEIA egunkariaren Historias de los vascos sailean, 2014ko apirilaren 18an, argitaratutako erreportajea.