Efemeridea • 2024ko otsailaren 5a
Lluís Companys eta Agirre lehendakaria: bi herri elkarturen erbesteratzea
Gaurkoa lako egun batean, 1939ko otsailaren 5ean, Lluís Companys Kataluniako president-a eta Jose Antonio Agirre lehendakaria erbestera joan ziren La Vajol udalerrian (Alt Empordà) dagoen Coll de Lli mendatetik igarota.
Erbestealdia Ebroko guda amaitu, 1938ko azaroan, eta hilabete batzuetara gertatu zen; izan ere, une horretatik bertatik, bazirudien matxinatutako militarren garaipena gertu egon zitekeela. Hain zuzen ere, Kataluniako kanpaina abenduaren 23an hasi zen, eta tropa frankistek azkar bai azkar egin zuten aurrera, Kataluniako lurralde osoa konkistatuta.
Armada frankistaren aurrerapen azkarraren ondorioz −Agirre Parisen zegoen une hartan−, lehendakaria ezin izan zen Bartzelonara iritsi eta Figueres herrian geratu zen. Bertan, Kataluniara ihes eginda zeuden euskal herritarren ebakuazioa antolatzen ari zela, Kataluniako Ogasunak bere ondasun guztiak eman behar izan zituen, eta Generalitatea iheslariei laguntzeko diru barik geratu zen.
Figueresen, ehunka mila iheslariz gain, Espainiako Errepublikako buruzagi nagusiak zeuden: Manuel Azaña, Errepublikako presidentea, Juan Negrin, Gobernuko burua, Diego Martinez Barrio, Errepublikaren Gorteetako presidentea, Euskadiko lehendakaria eta Kataluniako president-a. Horiek guztiek otsailaren 5ean irtetea adostu zuten, goizeko 8etan, baina Agirre eta Companys elkargunera iritsi zirenean, jakin zuten agintari errepublikarrak lehenago abiatu zirela.
Generalitateko Gobernuaren egoera ekonomiko latzaz gain, Companysek kritika ugari jaso zituen egindako kudeaketagatik. Horregatik, Kataluniako erakundeen zilegitasuna onik atera zedin, Layetana Office sortu zen, iheslariei laguntzeko eta katalan guztien batasunari eusteko.
Gainera, batasuna sustatzeko, Consell Nacional de Catalunya deiturikoa ere sortu zen, erbesteratuen eta erakundeen arteko lotura gisa. Hala eta guztiz ere, alemanen berehalako inbasioak Companysen proiektuak zapuztu zituen eta errepresio gogorra ekarri zuen erbesteratuen eta Errepublikako agintarien aurka. Bien bitartean, president-a La Baule-lesPins herrian zegoen, eta bertan egon behar zuen semearen berri jaso nahi bazuen; izan ere, Companysen semea klinika batean ospitaleratuta zegoen, buruko gaixotasuna zuelako.
Berrien zain zegoela, Alemaniako agenteek Generalitateko presidentea atxilotu zuten abuztuaren 13an. Handik, Pariseko La Santé espetxera eraman zuten Companys hil horretako abuztuaren 20an, eta 27an Hendaiara ekarri zuten. Bi egun geroago, Espainiako agintarien esku utzi zuten mugan, eta handik Madrilera joan ziren. Madrilen egon zen urriaren 3ra arte, eta handik Bartzelonara eraman zuten. Azkenik, urriaren 14an Montjuiceko gazteluan epaitu zuten eta 15ean fusilatu, “Per Catalunya” oihukatuz hil zela.
Iñaki Goioganaren artikulua “Solidaridad en la derrota”, Deian 2014’ko otsailaren 1an argitaratuta.