Efemeridea • 2023ko urriaren 27a
Lope Agirre, espainiar inperioaren kontra altxatu zen euskalduna
Gaurkoa lako egun batean, 1561eko urriaren 27an, Venezuelako Barquisimeto hirian zendu zen arkabuz-desarren eraginez.
Duela 462 urte, gaurkoa lako egun batean, urriaren 27an, Lope Agirre, Zoroa, Tiranoa, Erromesa, Traidorea edo Askatasunaren printzea, Espainiako monarkiaren aurka altxatzeko ausardia izan zuena, zehazki, Filipe II.aren aurka, arkabuz-desarrez hil zuten Venezuelako Barquisimeto hirian, 1561ean.
Oñatin jaio zen, Araotz bailaran, eta kapare-familia bateko bigarren semea zela, kanpora joan behar izan zuen ondasun bila. Hala, 1536 inguruan, Lope Perura joan zen eta erregearen indarrekin bat egin zuen, konkistatzaileen artean gertatzen ziren matxinadetan parte hartuta.
Urreztatutako hiria (gaztelaniaz, El Dorado) deiturikoaren bila zebilen espedizio baten buru zela, agintea indarrez eskuratu ostean, 1561ean, Agirrek eta bere agindupeko 186 gizonek gerra deklaratu zioten Espainiako inperioari. Agirrek gutuna bidali zion Filipe II.ari, erregeari men egingo ez ziola eta “haren indarrek egin eta jasan zezaketen gerrarik gordinena egingo ziotela” adierazita. Era berean, hauxe aurpegiratu zion gutunean: “Egia esatera, errege gutxi joaten dira infernura, errege gutxi dagoelako, baina asko izango bazinete, zuetako bat ere ez litzateke zerura joango, nire ustez, Luzbel baino okerragoak izango zinetelako han…”.
Hain izan ziren entzutetsuak Lope Agirreren balentriak eta abenturak, ezen mende batzuk igarota ere, oso gutxik ihes egin dioten hari buruz hitz egiteko tentazioari. Simon Bolibarrek berak idatzi zuen “Lope Agirreren matxinada Ameriketako eskualde baten lehen independentzia-aldarrikapena izan zela”.