Efemeridea • 2024ko maiatzaren 14a
Euskal futbol selekzioaren hastapenak
Gaurkoa lako egun batean, 1915eko maiatzaren 14an, euskal futbol selekzioak “Asturiasko Printzearen I. Futbol Kopa” irabazi zuen, Kataluniako selekzioa mendean hartuta.
Euskal hamaikako hark 1915eko urtarrilaren 3an jokatu zuen lehen partida ofiziala, San Mames futbol-zelaian, eta garaipena lortu zuen Kataluniako selekzioaren aurka, sei goleko aldea aterata. Otsailaren 7an, bi hamaikakoak berriro lehiatu ziren elkarren aurka, eta bina berdindu zuten partida.
Hilabete batzuk geroago, 1915eko maiatzean, euskal hamaikakoak hiruko txapelketa batean parte hartu zuen, Katalunia eta Gaztelako selekzioekin batera. Lehenengoan, euskaldunek 1-0 irabazi zieten kataluniarrei, eta bigarren partidan, bana berdindu zuten. Emaitza horiei esker, euskal selekzioak “Asturiasko Printzearen I. Futbol Kopa” irabazi zuen, eta lehen titulua eskuratu zuen.
Une horretatik aurrera, euskal taldeak etenaldiak izan zituen, baina hainbat bira egin zituen Europa eta Amerikatik barrena, horietako batzuk oso esanguratsuak, hala nola Euzkadiko selekzioa erabiliz frankismoaren sasoian egindakoak, diktadura frankista munduan salatzeko helburuz. Geroago, Euskal Selekzioak futbol-selekzio garrantzitsuen aurka jokatu du, besteak beste, Paraguai, Errusia, Uruguai, Nigeria edo Kamerungo hamaikakoen aurka.
DEIA egunkariaren Historias vascas sailean 2019ko azaroaren 23an, argitaratutako Jean Claude Larronderen erreportajea erantsi diogu artikuluari.