Efemeridea 2024ko uztailaren 10a

Louis Daguerre (1787-1851), argazkigintzaren aurrendaria

Daguerrek, euskal jatorriko asmatzaileak, gogoratua izan da gerora bere izena daraman argazki-teknika, dagerrotipoa, sortzeagatik.

Louis Daguerre. Louis Daguerre.

Gaurkoa lako egun batean, 1851ko uztailaren 10ean, dagerrotipoaren eta dioramaren euskal jatorriko asmatzaile Louis Daguerre (abizena d 'Aguerretik zetorren) hil zen.

Daguerreren teknika, modu ofizialean, historiako lehena izan zen argazkigintzako irudiak xafla metaliko batean bildu eta finkatzen. Horrek ez du esan nahi argazkigintza asmatu zuenik; aitzitik, argazkigintzako lehen prozedura edo teknika praktikoa bai asmatu zuen.

1787an jaio zen Cormeilles-en-Parisis herrian, Paristik oso gertu, arterako grina izan zuen gaztetatik eta hainbat arlotan espezializatu zen: margolaritza, antzerki eta operako antzeztokien diseinua, muralismoa… Garai hartan, Diorama asmatu zuen, hau da, irudiak ikusteko modu berezi bat, eta 1822an estreinatu zen Parisen. Lan horretatik aurrera, kamera ilunarekiko grina piztu zitzaion.

1829an, Nicéphore Niépce ezagutu eta harekin elkartu zen. Niépce fisikariak, 1826an, gaur egun lehen argazkitzat hartzen dena lortu zuen, nahiz eta orduko emaitza oso biribila ez izan. Nicéphore Niépce bat-batean hil zen 1833an, eta haren ezaupideez jabeturik, Daguerrek teknika sendotzen jarraitu zuen, harik eta dagerrotipoa edo irudi positiboa lortzeko teknika ondu zuen arte.

1838an, pertsonak agertzen zireneko lehen argazkia, ustez, egin zuen. Daguerre bere asmakizuna ezagutarazten eta finantzaketa bila hasi zen, baina asmatzaileak arazoak izan zituen finantzatzeko interesa zuenik aurkitzeko. Azkenik, 1839an, Frantziako Zientzien Akademiako bilera batean iragarri zuen Daguerreren asmakizuna, Frantziako gobernuak asmakizuna erosi zuen, eta berak eta Niépceren semeak biziarteko pentsio bat eskuratu zuten.

Miokardioko infartu akutu baten eraginez hil zen egunera arte, hots, 1851ko uztailaren 10era arte, Louis Daguerre argazkigintzako materialak ekoizten eta jendaurreko erakustaldiak egiten ibili zen bere teknikaren inguruan.

Denboraren poderioz, teknologia modernoagoek ordeztu zuten dagerrotipoaren erabilera argazkigintzan, baina, inolako zalantzarik gabe, dagerrotipoak biziki lagundu zuen argazkigintzaren garapenean.