Efemeridea • 2022ko abenduaren 13a
Lucio “Luki” Artetxe, betiko irribarrea zuen gizona.
Gaurkoa lako egun batean, 1898ko abenduaren 13an, jaio zen Bermeon frankismoaren garaiko EAJ alderdiaren erakunde klandestinoaren arduradunetako bat eta Juan Ajuriagerraren konfiantzazko gizona.
Abertzale peto-petoa zela, gazterik alderdikidetu zen EAJ-PNVn, eta bizitza eskaini zion alderdiari, porrot egin zuen arte. Artetxek noiz edo noiz esan bezala: «Ezin da bi jaberen zerbitzuko egon: negozioa eta Euskadi». Ni Euzko Alderdi Jeltzalearen bitartez ibili naiz Euskadiren zerbitzuko, eta ezin izan diet negozioei erantzun.
Gerra Zibilean, Bilbo galdu ostean, Euskadi utzi behar izan zuen, eta 1937ko ekainaren 30ean zeharkatu zuen Santanderreko muga. Hurrengo egunean, uztailaren 1ean, Laredora joan zen, une hartan eraikitzen ari ziren etxe batera, hondartzaren amaiera aldean, han zeuden iheslariek “Villa Mishery” zeritzotena, etxe horrek zeuzkan bitarteko eskasengatik. Bizileku horretan egon zen abuztuaren 26ra arte, egun horretan sartu baitziren soldadu italiarrak Laredon eta Santoñan. Une hartan, betiko irribarrea alde batera utzita, Agirre Lehendakariaren bisita zela eta, irmo esan zion agintari gorenari Alderdiak irteteko agintzen ziola, ordu batzuen buruan ezin izango baitzuen handik alde egin.
Laredo ere galdu zen eta heriotza-zigorra ezarri zioten Artetxeri. Lukik urte asko eman zituen kartzelan, eta espetxeko kide guztientzat pertsona bikainaren adibidea izan zen, haren elkartasun eta eskuzabaltasun handi-handiagatik.
Aske geratu zenean, 1943an, borrokan jarraitu zuen Euskadiren alde, Euskal Erresistentziaren buru zela, horretarako bere enpresa erabiliz. Behin baino gehiagotan atxilotu zuten. 1951n gazteak gogatu zituen Euzko Gaztedi berrantolatzera eta berak, aldiz, Alderdia berrantolatzeari ekin zion Bizkaiko Ezkerraldean. Bilbon hil zen, 1974ko abenduaren 20an.