Efemeridea 2020ko ekainaren 9a

Luis Eleizalde, Sabino Aranaren osteko abertzaletasunaren ideologoa

Foru-erakundeak sortutako Bizkaiko auzo-eskolen antolatzaile eta lehen zuzendaria izan zen.

Luis Eleizalde, Sabino Aranaren osteko abertzaletasunaren ideologoa

Gaur 142 urte bete dira Luis Eleizalde Breñosa jaio zenetik. Luis Eleizalde Sabino Arana hil ondoko urteetako euskal abertzaletasunaren pertsona esanguratsuenetakoa izan zen.


Bergaran jaio zen, 1878an. Zientzietan lizentziatu zen Madrilen, 1899. urtean. Geroago, Gasteizko Institutuko Matematika katedra irabazi zuen oposizio bidez, eta bertan jardun zuen irakasle 1918ra arte. Urte horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak Lehen Hezkuntzako ikuskatzaile izendatu zuen, eta euskal hezkuntza-sistemaren teorialari eta bultzatzaile gisa nabarmendu zen; horrezaz gainera, foru-erakundeak sortutako auzo-eskolen antolatzaile eta lehen zuzendaria izan zen. 1918an, euskaltzain izendatu zuten. eta Sabino Aranaren laguntzaile estuenetakoa izan zen. Ildo horretan, Gasteiz joan zenez, hiri horretako lehen euskal abertzaleen gunea antolatzen parte hartu zuen gogotik.


Euzko Alderdi Jeltzalearen sortzailea hil ondoren, Aranaren ildo ofizialaren teorizatzaile nagusietako bat izan zen, eta parte-hartze esanguratsua izan zuen orduko prentsa-organoetan, hainbat izengoiti erabilita. Horren erakusgarri dugu  1916an onartu zen alderdiaren izena Comunión Nacionalista Vasca delakora aldatzea berak iradoki izana.


Kazetaritza-lan ugari eta “Landibar” eleberriaz gain, filologiari eta abertzaletasunari buruzko hainbat lan idatzi zituen Eleizaldek, eta bereziki jakingarriak izan ziren ordura arte munduan zeuden mugimendu nazionaleen inguruko gogoetak.


Aukera autonomistaren aldeko jarraitzaile sutsua izan zen, baina haren bizitza intelektual eta politiko emankorra goiz itzali zen, berrogeita bost urte bete baino lehen, tuberkulosi batek jota. Bilbon hil zen, 1923ko uztailaren 24an.
 

 

Informazio gehiago hemen:

- Gregorio Arrienen artikulua, DEIAn 2014/12/13