Efemeridea • 2024ko apirilaren 22a
Luis Mª Retolaza, erresistentea
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu ohia eta EAJ-PNV alderdiko kide nabarmena gaurkoa lako egun batean zendu zen, orain dela 17 urte, 82 urte zituela.
1924an jaio zen Bilbon, eta 21 urterekin Eusko Ikasle Alkartasuna (EIA) ikasleen sindikatuaren sorreran eta sindikatu horren agerkari Askatasuna argitaratzen parte hartu zuen, Iñaki Renteria lagun minarekin batera, baina bi-biek Lapurdira erbesteratu behar izan zuten, sindikatu kide gehienak atxilotu zituen poliziaren sarekada handi baten ostean.
Lapurdin zegoela, Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuen, Euskal Brigadan izena emanda. 1945eko urrian desmobilizatu eta gero, Parisera joan zen eta Zuzenbidea ikasi zuen Sorbonan. Garai hartan izan zuen harreman estuena EAJ-PNV alderdiarekin, eta orduan garatu zuen loturarik handiena.
1950ean, Bizkaira itzuli zen, eta EAJ-PNV alderdiaren barneko buruzagi nagusia zen Juan Ajuriagerraren laguntzaile hurbilenetakoa izan zen. Birritan espetxeratu zuten (1951 eta 1954 urteetan), eta EAJ-PNV alderdiko eta Euskal Erresistentziako kide esanguratsu bilakatu zen.
Diktadura amaitutakoan, Herrizaingo Saileko buru jardun zuen 1980-1988 urteen artean, Carlos Garaikoetxea eta Jose Antonio Ardanzaren gobernuetan. Ertzaintza berrezartzeko bultzatzaile nagusietako bat izan zen. 1992tik 1996ra, EAJ-PNV alderdiaren BBBko burua izan zen, eta 1996tik 2000ra, EBBko kidea. Giltzarria izan zen DEIA egunkariaren sorreran, eta Iparragirre argitaletxearen administrazio-kontseiluko lehen presidentea izan zen.
Jose Felix Azurmendik, 2017ko apirilaren 22an, DEIA egunkariaren Historias vascas sailean, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.