Efemeridea 2020ko urriaren 29a

“Lurgorri”, Herriarekiko konpromisoaren eredu

Gaurkoa lako egun batean, 1916ko urriaren 29an, José María Azkarraga Mozo “Lurgorri” jaio zen Errenterian.

“Lurgorri”, Herriarekiko konpromisoaren eredu

Familia abertzale batean jaio eta hazi zela, umetatik sortu zitzaion Jose Mariri sorterriaren kulturarekiko interesa.


1929an, Madrilera joan zen familiarekin batera. 1930eko hamarkadan, Zuzenbide ikasten hasi zen Madrilgo Unibertsitate Nagusian. Han, Madrilera joandako euskal ikasle abertzaleek sortu zuten Euzko Ikasle Batzan kidetu zen, eta 1933tik 1935era bitartean, elkarte horren burua izan zen. 1933an, EAJ-PNV alderdian afiliatu zen, bai eta Euzko Langilleen Alkartasuna (gaur egungo ELA) sindikatuan ere. Madrilen ez ezik, Aramaion eta Leintz haranean (gaur egungo Debagoienean) ere jardun zuen politikan, azken horietan udan. Sasoi hartan, “Lur-gorri” ezizena erabiltzen hasi zen aldizkari eta egunkarietako iritzi-artikuluetan. Amayur, Euzko Langile eta Euzkadi egunkarietan aritu zen, gizarte-gaiak, politika, kultura eta ekonomiari buruzkoak jorratuz. Saiakerak ere idatzi zituen, baina halakoak ez ziren argitaratu.


1936ko uztailaren 18ko altxamendu frankista gertatu zenean, Aramaion zegoen, familiak aldi luzeak igarotzen baitzituen leku horretan. Euzko Gudarostean sartu zen, eta bertan “Amaiur” eta “Ariztimuño” batailoietan jardun zuen borrokan. Azkenik, “Arana-Goiri” batailoiko komisario politikoaren kargua hartu zuen, eta Bergaran eta Arrasaten ibili zen borrokan. Geroago, EAJ-PNV alderdiaren aginduz, ahozko eta idatzizko propaganda ardura hartu zuen. Horrela, “Gudari” aldizkariaren erredakzio-taldean parte hartu zuen, eta lan hori “Euzkadi” egunkarian egindako kolaborazioekin uztartu zuen, batez ere, gerrako berriemaile-lanak eginda.


Bilbo frankisten eskuetan geratu ostean, Santoñara joan zen. Laredon atxilotu eta Bilbora eraman zuten, Larrinagako espetxera. 1937ko abenduaren 16an, Derioko hilerrira eraman eta fusilatu egin zuten.


Atxikituta, DEIAn Euskal Historiak sailean argitaratutako Iñaki Goioganaren erreportaje bat (2012/12/15) eta Josemari Velez de Mendizabal Azkarragaren beste erreportaje bat (2016/10/29).