Efemeridea • 2024ko urtarrilaren 29a
Manuel Larramendi gipuzkoar josulagun ikasia, euskal nortasunaren defendatzaile sutsua
Larramendi filologo, historialari eta filosofo ospetsua 1766ko urtarrilaren 29an hil zen Loiolan, Azpeitian.
Manuel Garagorri Larramendi 1690eko abenduaren 25ean jaio zen Andoainen. Manuel Larramendi izena hobetsi zuen Jesusen Lagundian sartu zenean, eta horrela ezagutu zuten handik aurrera. Filosofia ikasi zuen eta gai horren gainean nahiz beste gai askoren gainean zeukan jakintasunagatik nabarmendu zen, bereziki, filologia, historia eta politika alorretan.
Larramendiren lana funtsezkoa da euskal filologian, batez ere, «El impossible vencido» (Ezina ekinez egina itzul genezake) izeneko euskarazko lehen gramatika-liburuaren eta «Diccionario trilingüe del castellano, bascuence y latín» hiztegiaren egilea dugulako. Historia eta politika arloko lan aipagarri ugari idatzi zituen, hala nola «Corografía o descripción general de la muy noble y muy leal Provincia de Guipúzcoa» eta «Sobre los fueros de Guipúzcoa».
Euskal nortasunaren defendatzaile sutsua izan zen; euskal gaiak ikertzeaz gain, euskal kulturari eta hizkuntzari eutsi eta horiek garatzera gogatu zituen herritarrak, euskara eta euskal kultura gutxiesteko joeraren aurka. Politikaren ikuspegitik, euskal lurraldeek «Pirinioetako Probintzia Batuak» osa zitzaten proposatu zuen:
«Zer arrazoi dago euskal nazioa, Espainia antzina-antzinatik populatu duena... nazio pribilegiatu eta jatorri noblekoa, aparteko nazio, berezko nazio, nazio aske eta burujabea ez izateko?».