Efemeridea • 2020ko urriaren 21a
Mario Fernandez lehendakariordearen eta Martin Villa Espainiako Barne ministroaren arteko eztabaidan, Fernandez garaile
Gaurkoa lako egun batean, 1981eko urriaren 21ean, LOAPA (Prozesu Autonomikoaren Harmonizazioko Lege Organikoa) delakoari buruzko eztabaida bat izan zen Espainiako telebistan, Mario Fernandez Eusko Jaurlaritzako lehendakariordearen eta Rodolfo Martín Villa Espainiako Gobernuko Barne ministroaren artean.
LOAPA nahitaezko lege-proiektua izan zen estatuko gobernuarentzat, baina, Eusko Jaurlaritzako sailburuaren iritziz, Konstituzioaren aurkakoa. Tejero teniente koronela buru izan zuen 1981eko estatu-kolpearen saiakeraren ondotik, garai hartako Espainiako alderdi nagusiak, PSOE eta UCD, Euskadiko eta Kataluniako autonomia estatutuen aurka egiten zuen prozesu birzentralizatzailea bideratzen saiatu ziren.
Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Generalitateak, aldez aurreko konstituziokontrakotasun-errekurtsoa aurkeztu zuten, Estatuko lege batek estatutuak baldintzatu ezin zituela iritzita.
1981eko urriaren 21eko lege honen ondorioz, Espainiako Gobernuko Barne ministro Rodolfo Martín Villak eztabaida izan zuen lehendakariorde Mario Fernandezekin telebistan. Eztabaida berrogeita bi minutu eta zortzi segundokoa izan zen. Martin Villa ministroak hamabi aldiz eten zuen Mario Fernandez lehendakariordearen jarduna, eta azkenak zazpi biderrez ministroarena. Martin Villaren adierazpenak ugariak izan ziren, baina laburrak; lehendakariordearenak, berriz, luzeak eta teknikoak.
Ia erabateko ahobatezkotasunez, hedabide politikoek adituegi eta iritzi publikoarentzat ulergaitz iritzi zioten Mario Fernandezen eta Martin Villaren arteko telebistako eztabaidari. Nolanahi ere, argi geratu zen garaipen politikoa izan zela Mario Fernandezentzat.
DEIA egunkariaren Historias de los vascos sailean, 2012-03-24an, argitaratutako Iñaki Anasagastiren erreportajea erantsi diogu albisteari.