Efemeridea • 2022ko maiatzaren 10a
Mauricio Flores Kaperotxipi: Euskal artea erbestean
Gaurkoa lako egun batean, 1901eko maiatzaren 10ean, Mauricio Flores Kaperotxipi margolaria, Kapero ezizenez ezaguna, jaio zen Zarautzen.
Txikitan, aitarekin batera joskintza-lanetan, artean, marrazteko zaletasun handia zuela. Hala, eskolak hartu zituen Zarauzko Antoniana Gaztedian. Kaperotxipiren marrazkietako bat Donostiako markoztatze denda batean erakutsi ondoren, Goienetxeko dukesa eta Guaqui kondea zarauztarraren mezenas bihurtu ziren, eta horrek aukera eman zion Europan zehar bidaiatzeko eta ikasteko.
17 urte zituela, Madrilen finkatu zen, eta pintura eta marrazketa eskoletara joan zen, López Mezquitaren tailerrera. 1922an, lehen saria irabazi zuen Gipuzkoako Artista Berrien lehiaketan, eta 1927an lehen erakusketa inauguratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko aretoetan, euskal pertsona ospetsuen 70 erretratuz osaturikoa.
1930ean, Argentinan erakusketak egitera gonbidatu zuten, eta bertan zegoela, Uruguairaino luzatu zuen bira. 1933an, Benita Manterolarekin ezkondu zen, eta hurrengo urteetan Txilen, Uruguain, Mexikon, Kuban eta Los Angelesen ibili zen bere artea ezagutarazten. Gerra Zibila iritsi zenean, senar-emazteak Argentinara erbesteratu ziren, eta Mar de la Platan bizi izan ziren 1983ra arte.
Argentinan, margolari jarraitu zuen, baina tokiko egunkari batzuetan kolaboratzen hasi zen, hala nola La Razón egunkarian. Garai hartan, bi liburu ere argitaratu zituen. 1974an, Kaperotxipi Donibane Lohizunera joan zen hilabete batzuetarako, eta 1983an Zarautzera itzuli zen, eta bertan bizi eta lan egin zuen 1997ra arte, hau da, hil zen arte.