Efemeridea 2020ko maiatzaren 5a

Mauthausengo kontzentrazio-esparruaren askapenaren 75. urteurrena

Hegoaldeko lau lurraldeetako ehun euskal herritar inguru hil ziren nazien kontzentrazio-esparruetan

Mauthausengo kontzentrazio-esparruaren askapenaren 75. urteurrena

Gaur, 2020ko maiatzaren 5ean, Mauthausengo kontzentrazio-esparruaren (Austria) askapenaren 75. urteurrenean, Sabino Arana Fundazioak nazien genozidioaren biktima guztiak gogorarazi nahi ditu, bereziki, Alemaniako III. Reich edo Inperioaren kontzentrazio-esparruetan atxilotu zituzten berrehun bat euskal iheslariak.

 

Horietatik, ehun inguruk gorriak ikusi zituzten Mauthausen-Gusengo kontzentrazio-esparruan. Gaur, 75 urte bete dira aliatuek kontzentrazio-esparru hori askatu zutenetik.

 

Bidezkoa eta beharrezkoa da hainbat ideologiatako euskal herritar haiek (abertzaleak, sozialistak, anarkistak edo komunistak) pairatutako bidegabekeria gogora ekartzea, matxinada frankistaren garaipenaren ostean, Euskaditik alde egin behar izan baitzuten eta Gurseko kontzentrazio-esparruan, Frantziako Bearno eskualdean, elkartu baitzituzten. Geroago, erbestean zen Euzkadiko Gobernuak Frantziari laguntzeko egin zuen deialdiarekin bat eginda, Maginot hesian mobilizatu ziren. Baina naziek indarrez eraman zituzten Estrasburgoko lehergailu fabriketara, ehunka iheslari errepublikazalerekin batera eta, azkenik, Mauthausen (Austria) edo Dachauko (Alemania) kontzentrazio-esparruetan atxilotu zituzten.

 

EAOn argitaratutako datuen arabera, Hegoaldeko lau lurraldeetako ehun euskal herritar inguru hil ziren nazien kontzentrazio-esparruetan, batez ere, Austriako Mauthausengo kontzentrazio-esparru nagusiaren menpean zegoen Gusengo esparruan.

 

Horiek guztiak gogoan ditugula, harrotasun-sentimendua ere azpimarratu behar dugu, II. Mundu Gerran, Agirre lehendakaria buru zuen batasun nazionaleko gobernuak askatasunaren alde eta zapalkuntzaren aurka egindako apustu irmoagatik. Ekimen horietako bat dugu Gernika batailoiaren sorrera, ikurrina berezko ikurtzat hartuta, Frantzia nazien lazgarrikeriatik askatzen lagundu zuen eusko gudarien taldea.

 

Euskal gizarteak horiek guztiak gorde behar ditu oroimenean, inon diren izugarrikeria latzenak nozitu zituen eta, aldi berean, diktaduren aurka duintasunez borrokatzen jakin izan zuen belaunaldi baten ereduzko adibide gisa.

 

Duela gutxi, Mauthausengo kontzentrazio-esparrutik bizirik atera zen azken euskaldunaren biografia argitaratu da, Marcelino Bilbaorena, hain zuzen ere. Lanaren egilea haren iloba da, Etxahun Galparsoro historialaria. “BILBAO EN MAUTHAUSEN. Memorias de supervivencia de un deportado vasco” (BILBAO MAUTHAUSENEN. Euskal deserriratu baten biziraupen-memoriak), CRITICA argitaletxearen eskutik. Etxahun Galparsororen liburuaren erreseina Bizkaia Irratian, Iñaki Goiogana historialariaren eskutik.

 

1992an, Fundazioaren bidaia-taldeak bidaia antolatu zuen Mauthausengo kontzentrazio-esparrura eta hilarri bat utzi zuen dohaintzan bertako museoan, “BERRIRO INOIZ EZ” idazkuna jarrita, euskaraz, alemanez eta gaztelaniaz.

 

Gaurko urteurrena areago hornitzeko, Jean Claude Larronde historialari eta ikertzaileak Iparraldeko Gurseko kontzentrazio-esparruari eta bertan izan ziren euskaldunei buruzko erreportajea ekarri dugu hona.
 

 

Informazio gehiago hemen:

- Jean Claude Larronderen artikulua, (DEIAn, 2015/05/16)