Efemeridea • 2022ko apirilaren 27a
Mungiako guda, 1471ko apirilaren 27an
Betiereko aurkari ziren oñaztarrek eta ganboatarrek indarrak batu zituzten Bizkaia defendatzeko leondarren eta gaztelarren hedapen-ahaleginen aurrean.
Sabino Aranak Goirik, «Bizkaya por su independencia» liburuan, lau gudu heroiko jaso zituen: Arrigorriagakoa (888), Gordexolakoa eta Otxandiokoa (1355) eta Mungiakoa (1471). Horietan guztietan, Aranak interpretatu zuenez, bizkaitarrek leondarren eta gaztelarren hedapen-ahaleginei aurre egin zieten.
Gaur, apirilak 27 dituela, Mungiako guduaren urteurrena ospatzen da.
Pedro Fernández Velascok, Haroko II. kondea eta Gaztelako kondestableak, aita hil ostean, Bizkaiko jaurerria eskuratu nahi izan zuen.
Garai hartan, Gaztelako Henrike IV.a erregea Bizkaiko jauna bazen ere, Gaztelako koroak ez zuen begi txarrez ikusten gorteko “nagusi” batek lurraldean agintzea. Horrela, Haroko kondea Arabatik sartu zen, Gasteiz konkistatu zuen, eta Legution aurre egin bazioten ere, Bizkaian sartu zen eta Balmaseda azpiratu zuen.
Mugimendu hori ikusita, Gortean zuen aurkariak, Pedro Manrique Larak, Trebiñuko II. kondeak, lortu zuen bi bando elkartezinek, oinaztarrek eta ganboatarrek, bat egin zezaten etsai erkidea, Haroko Etxea, garaitzeko.
Kondairak dioenez, oñaztarrak eta ganboatarrak hainbat hamarkadatan egon ziren liskarretan, errentei, estatus sozialari, hiribilduen indarrari eta abarri eusteagatik, baina jaurerriak sasoi hartan zuen mehatxuaren arrean, zin egin zuten euren indarrak batu egingo zituztela, eta Haroko kondea eta bere armada garaitu zuten, 1471ko apirilaren 27an, Mungiako gudua irabazita.
Mungiako argazki zaharra.