Efemeridea • 2023ko martxoaren 2a
Euskarazko irratiaren sorrera.
Gaurkoa lako egun batean, 1932ko martxoaren 2an, lehen programazio iraunkorra izan zuen euskarazko irratia sortu zen Joseba Zubimendiren eta Ander Arzelus “Luzear” kazetarien eskutik.
Estatuko irratigintzan aurrerapen handirik egin ez bazen ere, Zubimendi eta Arzelus euskaldunak Donostiako Union Radio −garai hartan Euskadin zegoen irrati bakarra− irratiaren mikrofonoen aurrean jarri ziren.
Astero-astero, arratsaldeko 8etatik 9etara, besteak beste, elkarrizketak, musika eta euskal bertsoak ematen zituzten zuzenean. Garai hartan, grabaziorik egiten ez zenez, gaueko emanaldian parte hartzen zuten guztiek estudioan egon behar zuten. Horretarako, ahalegin bikoitza egin behar zen, aurrez edo zuzenekoan bertan akatsik gerta ez zedin.
Zubimendi eta Arzelusen saioak harrera bikaina izan zuen Euskadin. Sasoi hartan, baina irratia entzetuko gailu ugari ez zegoen, eta euskaldunak asteazken guztietan elkartzen ziren irratsaioa entzuteko, irratia zegoen etxe eta lokaletan. Arrakasta hain handia izan zen, ezen saioak Londresen ere entzun ziren.
Lortutako ospearen ondorioz, 1934ko urtarrilaren 28an, ekitaldi berezia egin zen Donostiako Kursaalen, 100. saioa bertatik emititzea. Haraino joan ziren atzerriko irratietako kazetari ugari, ekitaldia ikusi eta entzutera, eta EAJ-PNV alderdiaren orduko buruzagiek telegrama bidali zieten euskal bi kazetariei, lortutakoagatik zorionak emanda.
Urte horretan, Amale Arzelus, Ander Arzelusen alaba, irratian hasi zen, 9 urte zituela. Aitak idatzitako lanak eta bakarrizketak errezitatzen aritu zen eta euskarazko lehen emakume esatari eta aktorea izan zen.
1936ko uztailean, Gerra Zibila hasteaz batera, euskal abertzaleek eta errepublikazaleek Debara eraman zuten Union Radio eta handik hasi ziren saioak egiten Radio Euzkadi izena harturik.
Hala ere, ez dakigu Zubimendik eta Arzelusek parte hartu zuten Debatik. 1937an, Arzelus Bilbon zegoen familiarekin, eta Bizkaiko hiriburutik hasi zen Euzkel Orduba saioa emititzen Radio Bilbao irratian.
Ander Arzelus Luzear 1949ko abuztuaren 27an zendu zen, kartzelan preso egon eta Iparraldera erbesteratu ondotik. Han eman zituen bizitzaren azken urteak.