Efemeridea • 2024ko abenduaren 26a
Narciso Irureta Aburto El Vasco.
Txileko euskal diasporako kide garrantzitsuenetako bat izan zen; gaurkoa lako egun batean hil zen, 2005ean
2005eko abenduaren 26an, Txileko Santiagon zendu zen Narciso Irureta Aburto, Eduardo Frei buru izan zuen gobernuko Garraio eta Telekomunikazio ministro ohia eta diasporako euskaldunen ordezkari ospetsuenetakoa. Jatorriz, Azkoitiko familia bateko kide zen Irureta eta sona handia izan zuen Txileko gizartean; Andeetako herrialdean, El Vasco esaten zioten.
Abokatu hori 1924ko ekainaren 30ean jaio zen Valdivian (Txile), eta ibilbide politiko luzea egin zuen Txileko Alderdi Demokristauaren barruan.
Diputatu eta senatari izan zen hainbat legegintzalditan, eta Pinochet jeneralak ezarritako diktadurako erregimenaren aurkari sutsuenetako bat izan zen. Demokrazia berreskuratzearen aldeko borrokan eta diktaduraren aurkako «Ezetzaren Komandoa» delakoak egindako lanetan, Narciso Irureta buruzagi itzaltsuenetako bat izan zen. Sabino Arana Saria jaso zuen 1994an, «Euskaldunak Munduan» izeneko kategorian.