Efemeridea 2021ko ekainaren 30a

Narciso Irureta, Txileko euskal komunitatearen aldeko ekintzailea

Gaurko lako egun batean, 1924ko ekainaren 30ean, Narciso Irureta Aburto jaio zen Valdivia hirian (Txile). Irureta Garraio eta Telekomunikazioen ministroa izan zen Eduardo Freiren gobernuan eta diasporako euskaldunen ordezkari behinenetakoa.

Narciso Irureta, Txileko euskal komunitatearen aldeko ekintzailea

Irureta familiak Azkoitian zuen jatorria, baina Biarritzera joan ziren bizitzera. Geroago, Lehen Mundu Gerraren ondorioz, Atlantikoa zeharkatu eta Buenos Airesera joan ziren. Buenos Aireseko hiriburuan bi urte eman eta, 1918an Txileko Valdivia hirira iritsi zen. Narcisoren ama, Edma, Txilera 300 urte lehenago iritsitako familia euskaldun bateko alaba zen.


Narciso Irureta Aburtok ospe handia zuen Txileko gizartean, eta, ohituraz, “el vasco” esaten zioten. Gerraosteko urteetan, abokatu lan egiten zuela, Francoren diktaduratik ihesi herrialdera iristen ziren euskal iheslari askori lagundu zien. Era berean, Txile eta Euskadiren arteko harremanak areagotzeko bultzatzaile nagusietako bat izan zen, hainbat lankidetza-hitzarmen sinatu zituela.


Narciso Iruretak ibilbide politiko luzea garatu zuen Txileko Alderdi Demokristauan, eta haren presidente, idazkari nazional eta presidenteorde izan zen hainbat alditan. Diputatu eta senatari ere izan zen zenbait legealditan, eta Pinochet jeneralaren diktaduraren aurkari irmoenetako bat izan zen. Demokraziaren itzuleraren aldeko borrokak eta “Ezetzaren komandoek” Narciso Irureta izan zuten buruzagi nagusietako bat diktaduraren aurreko ekinbidean.


Bakearen, Giza Eskubideen eta euskal herritarrentzako autodeterminazio eskubidearen alde egindako lanaren ondorioz, Sabino Arana Fundazioaren saria jaso zuen 1994an.


Txileko Santiagon hil zen, 2005eko abenduaren 26an, 81 urte zituela.