Efemeridea 2020ko azaroaren 4a

NBEk Francoren diktadura onartu zuenekoa

Gaurkoa lako egun batean, 1950eko azaroaren 4an, Nazio Batuen Erakundeak Batzar Nagusiaren 1946ko abenduaren 12ko Ebazpenaren bi gomendio indargabetu zituen: bata, Madrilen zeuden enbaxadoreak kentzeari buruzkoa; bestea, estatu espainiar frankista Nazio Batuekin lotutako erakundeetara atxikitzeko debekuari buruzkoa.

NBEk Francoren diktadura onartu zuenekoa

1946ko abenduaren 12an, NBEren Batzar Nagusiak gerora 39 (I) ebazpena bilakatu zen proiektua jaso zuen Nazio Batuen Lehen Batzordetik. NBEren ebazpen hori izan zen nazioarteko erakundeak diktadura frankistari ezarri zion zigorrik handiena. Hainbat gomendio eman ziren, horietan garrantzitsuena Nazio Batuetako kideek Madrilen zituzten enbaxadoreak eta ahal osoko ministroak kentzeari buruzkoa.


Ebazpen horren ondorioz, El Salvadorrek, Erresuma Batuak eta Herbehereek kendu egin zituzten ordezkariak. Gainerako estatu kide guztiek ez zuten maila horretako ordezkaritza diplomatikorik Espainiako estatuan.


Hala, Vatikanoko nuntzioa eta Portugalgo, Irlandako eta Suitzako enbaxadoreak baino ez ziren geratu Madrilen. Nolanahi ere, estatu horiek guztiek ez zuten ordezkaritzarik NBEn. Estatu kide bakarrak ez zion jaramonik egin Batzar Nagusiaren gomendioei: Argentina. Amerikako herrialdeak 39 (I) Ebazpena onartutakoan, Pedro Radio enbaxadore berria bidali zuen Madrilera.


Lau urte geroago, 1950eko azaroaren 4an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 386 (V) Ebazpena onartu zuen, aldeko 38 boto, kontrako 10 eta 12 abstentzio izan zirela. Ordutik aurrera, garai berria hasi zen erregimen frankistarentzat. Bada, Batzar Nagusiak enbaxadoreak Madrilen izateari buruzko debekua amaitutzat emateaz gain, onartu zuen Espainiak NBEko erakunde espezializatuetan parte-hartzea, eta, horren ondorioz, Espainia Osasunaren Mundu Erakundean sartu zen 1952an, eta geroago UNESCOn. Aldi berean, 1951 eta 1953 urteen artean, Sherman almiranteak Madril bisitatu zuela eta Eisenhower jenerala Estatu Batuetako Presidentetzara iritsi zela, herrialde horrekiko ituna sinatu zen 1953ko irailaren 26an. Itun horren bidez, EEBBei baimena eman zitzaien Espainiako lurraldearen barruko eremu eta instalazioak “helburu militarrentzat garatu, mantendu eta erabiltzeko, Espainiako Gobernuarekin batera”.


Beraz, Gerra Hotzaren abagunea baliaturik, Franco jenerala buru zuen Espainia Estatu Batuen aliatu militar bilakatu zen, eta estatuaren nazioarteko garrantzia sendotu zen politikaren ikuspegitik, areago, hilabete lehenago, Espainiak konkordatua sinatu zuelako Egoitza Santuarekin, 1953ko abuztuaren 25ean. Azkenik, Espainia 1955eko abenduaren 14an sartu zen Nazio Batuen Erakundean.