Efemeridea • 2020ko azaroaren 19a
“Nunca Máis”, baldinbaitere!
2002ko azaroaren 19an Prestige petrolio-ontzi zaharra hondoratu zen Galiziako kostaldearen aurrean.
Prestige deituriko hondamendia, 2002an, Prestige izeneko petrolio-ontzia Galiziako kostaldetik gertu hondoratzearen ondorioz gertatu zen petrolio-isuri larria izan zen. Ezbehar horrek, gutxi-asko, Espainiako, Frantziako eta Portugalgo kostaldearen 2.000 kilometroko luzerari eragin zion.
2002ko azaroaren 13an, petrolio-ontziak matxura izan zuen ekaitz baten eraginez, Costa da Morte (A Coruña) parean, 77.000 tona petrolio zeramatzala. Hainbat egunetan, Galiziako kostaldetik urruntzeko maniobrak egin ostean, azkenik, azaroaren 19an hondoratu zen, kostatik 250 bat kilometrora.
Petrolio-isurketa hura nabigazioaren historiaren ingurumen-hondamendi larrienetakoa izan da askatutako kutsatzaileen kantitateagatik nahiz kutsatutakoaren zabaleragatik.
Ezbehar hark Bizkaiko Golkoan ezagutu den hondamendi ekologiko handienetako bat eragin zuen. Egun batzuk geroago, ezbeharrak ekonomian, gizartean eta ingurumenean eragindako ondorio larriak arintzeko eta erantzukizunak eskatzeko, “Nunca Máis” plataforma sortu zen. 200etik gora antolakundek eta elkartek (kultura, politika eta ekologia arlokoak auzokoak, sindikalak, kofradiak, arrain-ekoizle eta -merkaturatzaileak…) osaturiko plataforma horren lana eta ahaleginak aitortu zituen Sabino Arana Fundazioak urte horretako sarietan.