Efemeridea 2020ko abenduaren 4a

Olerkari bat euskal abertzaletasunaren baitan

Gaurkoa lako egun batean, 2010eko abenduaren 4an, Xabier Lete Bergaretxe euskal poeta eta kantautorea hil zen Donostian.

Olerkari bat euskal abertzaletasunaren baitan

Xabier Lete gaztetatik hasi zen idazten, hain zuzen ere, 21 urte zituela, “Zeruko Argia” aldizkarian kolaborazioak eginda. 1965ean, “Ez Dok Amairu” kultura taldearen sorreran parte hartu zuen, besteak beste, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Joxean Artze, Jose Angel Irigarai eta Lourdes Iriondorekin batera. Taldea desagertu ondoren, Letek Lourdes Iriondo emaztearekin jarraitu zuen musikaren munduan. Aldi horretan, beste abeslari batzuekin batera abestu zuen, kasurako, Antton Valverderekin, eta harekin batera, Lizardiren poesia eta Txirritaren bertsoak musikatu zituen 1975 eta 1978 artean.


Letek 1968an argitaratu zuen lehen poema, “Egunetik egunera orduen gurpillean”, Gabriel Arestiren poesiaren zantzu garbiekin. 1974an, “Bigarren poema liburua” kaleratu zuen. Lan horrek lehenengoak baino sustrai barnekoagoa izan zuen, egileak bizitzaz eta heriotzaz hausnartu zuela. Hurrengo poema-liburua “Urrats desbideratuak” izan zen, Nietzsche-ren existentzialismoaren zantzu garbiak agerian.


Argitalpen horren ondotik, politikan murgildu zen Lete. 1980ko hamarkadan, balio anitzeko poeta horrek zuzendari nagusiaren eta sailburuaren karguetan jardun zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailean, EAJ-PNV alderdiaren ordezkaritzan. Osasun arazoak zirela eta, politika utzi zuen.


2009an, euskarazko poesiaren Kritikaren Saria eman zioten “Egunsentiaren esku izoztuak” izeneko lanagatik. Euskarazko Literaturako Euskadi Saria ere irabazi zuen. 2009ko apirilean, Jakiundeko (Zientzia, Arte eta Letren Akademia) kide hautetsi izendatu zuten. Xabier Lete 2010eko abenduaren 4an hil zen, 66 urte zituela.

 

Artikuluari gure “Hermes” aldizkarian 2002ko otsailean argitaratutako elkarrizketa erantsi diogu.

 

 Xabier Letek "Xalbador" poetari abesten dio: https://www.youtube.com/watch?v=WR2hCeC0KWE