Efemeridea 2020ko abenduaren 1a

Paperezko “irrintzia”

Gaurkoa lako egun batean, 1903ko abenduaren 1ean, “Irrintzi” argitaratzen hasi zen Buenos Aires hirian. Irrintzi Ameriketako lehen euskal egunkari abertzalea izan zen.

Paperezko “irrintzia”

Sabino Arana Goiri hil zenetik (1903ko azaroaren 25ean) sei egunera, “Irrintzi” egunkaria argitaratzen hasi zen Maipun, Buenos Airesko probintzian (Argentina).


Nemesio Olariaga Etxaidek sortu zuen egunkaria eta haren goiburuaren azpian “Dana Euskalerriagatik eta Euskalerriarentzat” leloa irakur zitekeen. Urte batzuk geroago, “Jaun Goikua eta Lege Zarra” ¡Viva Euzkadi libre! leloak ordeztu zuen lehenengoa. Egunkariaren manifestu politikoan, besteak beste, hauxe eskatzen zen: “Egiazko euskal eskolak nahi ditugu, haietan gure aberria handitzeko prestaturiko espiritu aske eta aurrerakoiak hezteko”. Honakoa ere aldarrikatzen zen: “Hitz batean esanda, askatasun zabala nahi dugu gure herrian, bazter guztietako pertsonak bertora etor daitezen, aberriaren eskubideak eta barruko foruaren ideia guztiak uste osoz errespetatuko dituztenak”. Eta “euskal herritar guztien elkartasuna aldarrikatuko dugu, amets bakarrera batuz, hots, Euskadiren askatasuna bere foruak berreskuratuta”. Egunkaria bi hamarkadatan argitaratu zen, 1903 eta 1923 urteen artean.