Efemeridea • 2020ko irailaren 14a
Pasiotarren Eubako ikastetxeak (Amorebieta-Etxano) 64 urte
Hezkuntzaren eta euskal kulturaren zutarrietakotzat jotzen da, batik bat, diktadura frankista izan zen urte latzetan egindako lanagatik.
Gaur, Santi Kurutze egunean, 64 urte bete dira Eubako ikastetxea (egun, Lauaxeta ikastola) inauguratu zenetik. Hala, 64 urte eman ditu ikastetxeak euskara eta euskal kultura garatzen, hainbat alditan: apaizgaitegia (1956-1969), San Gabriel ikastetxea (1969-1981) eta Lauaxeta ikastola (1977-1981, gaur egun arte).
Ikastetxea Orueko muinoan dago, Zornotzako Euba auzoan, eta eraikina 1948 eta 1956 urteen artean altxatu zen.
Hasteko eta bat, apaizgaitegia izan zen, 1969. urtera arte. Hamarkada horretan, babesleku klandestinoa ere izan zen frankismoaren aurkako erresistentziako lagunentzat, besteak beste, EGIko kide batzuentzat, kasurako, Ardanza lehendakariarentzat, Peru Ajuria militante abertzale historikoarentzat, Txinpartak dantza taldeko Arrarte anaientzat edo Juan Maria Arregi abadearentzat.
Hasiera-hasieratik, ikastetxea kudeatzen zuten irakasle eta pasiotarren taldea engaiatu zen euskal kultura bizirik irauteko lan zailari eusten, euskara eskolak ematen eta ikasleek eurek egindako 'Bidez' aldizkaria argitaratzen zutela. Aldizkaria ikasleen etxeetara, senideen etxeetara eta Ameriketara ere bidaltzen zen. Euskal jaiak ere ospatu zituzten, euskaldunen ohitura zaharrei eusteko ahaleginetan.
Hezkuntzaren eta euskal kulturaren zutarrietakotzat jotzen da ikastetxea, batik bat, diktadura frankista izan zen urte latzetan egindako lanagatik. Milaka ikaslek ikasi dute Lauaxeta ikastolan azken 64 urteotan.
Ikastetxearen 60. urteurrena dela eta, Gregorio Arrien (G.B.) pasiotar eta historialariak, 2016ko irailaren 17an, DEIA egunkarian, “Historias vascas” atalean, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.